2008/09/03

Abialekura itzuli zirenen kapitaina


Gaur egun, Joan Sebastian Elkanok (Getaria, 1487) bi estatua ditu sorterrian, eta monumentua, eta kalea. Batzuentzat, ez da harritzekoa. Munduari buelta eman, eta abialekura itzultzea lortu baitzuen marinel hark, duela bostehun urte, mundua zabala eta arrotza zen garaian.
Sasoi hartan, Portugalek eta Espainiak mundua bi zatitan banatzea erabaki zuten, sagar bat balitz bezala, bakoitzak bere zatia nahi zuen moduan irentsi ahal izateko. Bi zatietan lurralde eta uharte ezezagunak zeuden, eta haietan espeziak, elikagaiak, esklaboak edota urrea eskuratzeko bidaia handiak antolatu eta egin zituzten itsasoetan barrena.
Espainia hegoaldetik 1519an atera eta 1522an iritsi ziren abialekura europarrentzat ordura arteko bidaia handiena egin zutenek. Bost itsasontzi eta 265 lagun abiatu ziren, eta hiru urte igarota, itsasontzi bakarra itzuli zen, espeziaz beteta, bizirik irautea lortu zuten 18 marinelekin, Elkano kapitainaren aginduetara. Eguzkiaren atzetik beti sartalderantz nabigatuz, itsasoak zeharkatu eta munduari buelta osoa eman zioten. Elkanorekin iritsi zirenen artean, beste hiru euskal herritar zeuden: Joan Akurio, Joan Arratia eta Joan Zubilleta, Bermeoko, Bilboko eta Barakaldoko marinelak, hurrenez hurren.
Oihartzun handiko bidaia izan zen hura garai hartan. Batetik, Amerika zeharkatzeko eta mendebalderantz aurrera egiteko modua aurkitu zutelako europarrek. Bestetik, bide hari segika espeziaz betetako Moluka uharteetara iristea lortu zutelako. Eta, azkenik, eguzkiaren norabide berean nabigatuz, abialekura itzultzen asmatu zutelako. Hala, europarrentzat ezezagunak ziren bideak zabaldu zizkioten merkataritzari eta zientziari bidaia harekin.

Katalina Porturen semea

Getarian inork ez du ezagutzen Katalina Portu. Haren izena arrotza da herrian, eta inon ez da haren omenezko kalerik edo estatuarik, baina Elkanoren bizitzan berebiziko garrantzia du.
Domingo Sebastian Elkanorekin ezkondu zen, eta bederatzi seme-alaba izan zituen. Haien artean, Joan Sebastian Elkano, 1487 inguruan jaio zena, data zehatzik ezagutzen ez bada ere.
Katalina Porturekin ezkondu eta zenbait urtera, gazte hil zen Elkanoren aita, eta alargun geratutako ama hark hazi behar izan zituen bederatzi haurrak, lan eta neke handiarekin. Dena dela, ez zen gaizki moldatu izango, Elkanok hil baino zenbait egun lehenago idatzitako testamentuan ama behin baino gehiagotan izan baitzuen gogoan, haren magaletik jasotako guztia eskertu nahian nolabait.
Hil aurretik itsaso zabalean idatzitako testamentu hura da, zehazki, Elkanoren senideei eta ondasunei buruzko informazio iturri oparoena. Testamentu hari esker osatu ahal izan dira, hein handi batean, Elkanoren bizitzari buruzko hainbat kontu.
Itsasoetan barrena munduari itzulia eman eta abialekura iritsi zelako egin da ezagun Elkano gehienentzat. Orduan sartu zen getariarra historia liburuetan. Lehenago egin zuena, iluntasunak eta isiltasunak inguratu izan du urte askoan, eta Elkanoren bizitza hizpide hartu dutenek ere bizpahiru lerro nahiko izan dituzte bidaia handiaren aurreko guztia laburtzeko.
Berrehun toneleko itsasontzi baten armadorea zen Elkano, eta itsasontzi harekin zenbait kanpainatan ibili zen, betiere Gaztelaren zerbitzura. Batez ere, Cisneros inkisidorearekin, Oran, Bejaia eta Tripoliren aurkako sarraskietan. Ez da harritzekoa Elkanoren historia kontatu dutenek Cisnerosekin batera zertan ibili zen isildu edo ezkutatu nahi izatea orain arte. Izan ere, Francisco Jimenez Cisneros, inkisizioak izan zuen agintari ankerrenetakoa izan zen Erdi Aroan, eta Elkanok parte hartu zuen Oran hiriaren konkistan soilik 4.000 mairu baino gehiago hil zituzten, betiere historialari espainiarren arabera.

Lagun izoztua

Itsasontziarekin Gaztelaren aldeko kanpainetan ibiltzeak, ordea, ez zion ekarri sari handirik Elkanori, ez behintzat dirutan. Izan ere, kontu batzuengatik zein besteengatik, sosak eskatu beharrean izan zen merkatari saboiar batzuei, itzultzeko hitza emanda, eta itsasontzia jarri zuen bermetzat. Hitz emandako denbora igarota, Elkanok ezin izan zien utzitako dirua itzuli, eta adostu bezala, itsasontzia merkatari haien esku geratu zen.
Garai hartan, ordea, Gaztelako erresuman zeharo debekatuta zegoen itsasontziak atzerritarren esku uztea. Delitu larria zen, eta Elkano legez kanpoko bihurtu zen. Sasian bizitzera igaro zen, ezkutuan, zigorrari ihes egiteko.
Itsasontzi hura saldu izanak, horregatik legez kanpoko bihurtzeak, sasian bizitzeak eta ihesean Sevillara iristeak utzi zuen Elkano historia liburuetara eraman zuen bidaiaren atarian. Negualditik sortu zen, eta ilunabarrak ekarri zion eguzkia.

Espezien Uharteetarako bidea

Sasoi hartan, itsasoak zeharkatuz Moluketara edota Espezien Uharteetara iristeko bide berria aurkitzea izan zen bidaia, eta nabigatzaile handien helburu nagusia. Mundua ezezaguna zen artean, eta bilaketa hartan astronomoen eta kartografoen ezagutza informazio preziatua bilakatu zen, haien lana erresumen sekretu babestuenetakoa izateraino.
Portugalek ekialderantz nabigatuz egin zuen Moluketarako bidea. Espainiak, berriz, mendebalderantz nabigatuz iritsi nahi izan zuen. Bidean, ordea, iristea eragozten zion ezusteko kontinente bat topatu zuen 1492an: Amerika.
Espainiak etsipenez ikusi zuen espezieen eta ekialdeko produktuen merkataritza nola geratzen zen Portugalen eskuetan; izan ere, bere itsasontziek kontinente berrian behera egin arren hura zeharkatzea ez zuten lortzen. Noizbait, ordea, Fernando Magallanes izeneko marinel bat agertu zitzaien, Amerika zeharkatzeko eta espezia uharteetara iristeko modua ezagutzen zuela esanez, esperantzari bidea zabalduz.

Magallanesen bidaia handia

Espainiako erregeak espediziorako bost itsasontzi atontzeko konpromisoa hartu zuen. 1518ko udazkenean eta neguan, esaterako, Kontratazio Etxeko ordezkariak euskal kostaldeko portuetan ibili ziren bidaia handirako behar zituztenak biltzen eta erosten, batez ere Bilbon eta Hondarribian.
Itsasontziak ere, garai hartan sonatuak ziren euskal ontzioletan egin zituzten. Munduari itzuli osoa eman eta Joan Sebastian Elkano kapitain zuela iritsi zen Victoria ontzia, esaterako, Zarautzen eraiki zuten, 1515ean. Trinidad ontzia, berriz, espedizioaren itsasontzi nagusia, Bilbon erosi zuten. Itsasontzien kanoiak, eskopetak, lantzak, beste hainbat arma, arrantzarako beharrezko tresna guztiak eta abar eta abar euskal portuetan eta herrietan eskuratu zituzten.
Bidaia arriskutsua zenez, gainera, eskifaia osatzeko beharrak zenbait onura ekarri zizkien bidaia hartan itsasoratzera ausartu zirenei: esaterako, delituak zituztenei zuzenean haiek barkatzea. Hura zen Elkanok behar zuena, eta getariarra Magallanesen bidaian itsasoratu zen.

Ia hiru urteko bidaia

Magallanesen armada 1519ko irailean atera zen Espainia hegoaldetik, eta ia hiru urte geroago itsasontzi bakarra itzuli zen abialekura, 18 marinelekin, Elkanoren agindupean. Haietako bi lagunek, Antonio Pigafetta italiarrak eta Francisco Albo espainiarrak, hasieratik bidaiaren egunerokoa idatzi zuten, eta eguneroko haiei esker bidaiaren nondik norakoak nahikoa zehatz ezagutzen dira.
Hiru urtean, egundokoak pasatu zituzten. Mendebalderantz nabigatu eta Amerikaren hegoaldean aurkitu zuten hura zeharkatu eta Ozeano Barea deitu zuten itsasora pasatzeko bidea. Itsasoa bare egoteak, haizerik ez izateak, lurrik ez aurkitzeak eta janaria bukatzeak infernu bilakarazi zuten bidaiaren zati hura, eta lagun asko hil zen.
Geroago, Magallanes ere hil zuten, borrokan, Espainiako erregearen menekoak izatea onartu nahi ez zuten Maktan uharteko biztanleek. Sarraskiak eginda, eta matxinadak, naufragioak, desertzioak, gosea, heriotza eta abar ezagututa, Espezien Uharteetara iritsi ziren bidaiariak. Eta ordurako Elkano kapitain zela, kanelaz, iltzez, intxaur muskatuz eta antzekoez bete Victoria itsasontzia, eta, portugaldarrengandik ihesi, Afrika hegoalderaino nabigatu zuten. Gero, Esperantza Oneko lurmuturra zeharkatu, gora egin, Espainiara itzuli ziren.
Abialekura itzulita, Espezien Uharteetarako bigarren espedizioa antolatu zuten, etekin komertzialak areagotzeko. Garcia Jofre Loaisaren agindupean abiatu ziren 1525ean, Elkano, Andres Urdaneta eta beste hainbat bidaiari. Itsaso zabalean hil zen Elkano.

[ testua: BERRIA, 2008-09-03 ]

Sem comentários: