2008/09/01

Mundua sagar bat da [ I ]


Munduko zazpi itsasoetan barrena ibili eta sorlekura itzultzea da Getaria. Eta arrain errearen usaina. Lisboa euritsu bat euskal kostaldean. Senegal, Errumania, Kuba eta Argentina berriak gure artean. Haurrak portuan bainatzen. Hondartza. Zure larrua eguzkiari begira. Sareak. Harrizkoa bihurtutako balea. Elizako kanpaiak. Surfistak itsasora sartzen. Arrantzaleak itsasora ateratzen. Kresalaren izaretan bildutako kaleak. Izar gorriak dituzten itsasontziak. Teilatuak. Aldapak. Katuak. Tabernak. Batelak. Hori dena da Getaria. Munduari itzulia eman dioten marinelen herria. Itsasoak emandako maitalea. Noizbait itzuliko direnen azken portua.

Beharbada horregatik miretsiko dute Joan Sebastian Elkano getariarrek. Itzuli egin zelako. Bi estatua ditu herrian, eta monumentua, eta kalea. Batzuentzat, ez da harritzekoa. Munduari buelta eman, eta abialekura itzultzea lortu baitzuen marinel hark, duela bostehun urte, mundua zabala eta arrotza zen garaian.

Sasoi hartan, Portugalek eta Espainiak, mundua bi zatitan banatzea erabaki zuten, sagar bat balitz bezala, bakoitzak bere zatia nahi zuen moduan irentsi ahal izateko. Bi zatietan lurralde eta uharte ezezagunak zeuden, eta haietan espeziak, elikagaiak, esklaboak edota urrea eskuratzeko bidaia handiak antolatu eta egin zituzten itsasoetan barrena.

Espainia hegoaldetik 1519an atera eta 1522an iritsi zen abialekura europarrentzat ordura arteko bidaia handiena izandakoa. Bost itsasontzi eta 265 lagun abiatu ziren, eta hiru urte igarota, itsasontzi bakarra itzuli zen, espeziaz beteta, bizirik irautea lortu zuten 18 marinelekin, Elkano kapitainaren aginduetara. Eguzkiaren atzetik beti sartalderantz nabigatuz, itsasoak zeharkatu eta munduari buelta osoa eman zioten. Elkanorekin iritsi zirenen artean, beste hiru euskal herritar zeuden: Joan Akurio, Joan Arratia eta Joan Zubilleta, Bermeo, Bilbo eta Barakaldoko marinelak, hurrenez hurren.

Oihartzun handiko bidaia izan zen hura garai hartan. Batetik, Amerika zeharkatzeko eta mendebalderantz aurrera egiteko modua aurkitu zutelako. Bestetik, bide hari segika espeziaz betetako Moluka uharteetara iristea lortu zutelako eta, azkenik, eguzkiaren norabide berean nabigatuz, abialekura itzultzen asmatu zutelako. Hala, europarrentzat ezezagunak ziren bideak zabaldu zizkion merkataritzari eta zientziari bidaia hark.
Itzuli zirenen begiek isilpean oihukatzen zuten sekretua.

Mundua sagar bat da.

[Testua: Elkano, itsasoak emandako bizitza liburuaren aurrerapena].

Sem comentários: