2008/09/02

Getaria, itsasoari begira [II]


Getaria, noizbait, Nafarroako Erresumaren portu garrantzitsuenetakoa izan zen. Antso Jakitunak sortu zuen, XII. mendearen amaiera aldera, data zehatzik ezagutzen ez badugu ere. Geroago, 1200. urtean Gaztelak indarrez hartu zituen Nafarroako Erresumaren zenbait lurralde, gaztelu eta hiribildu, eta haien artean baita Getaria ere.

Gaztelako errege Alfontso VIII.ak 1209an Getariari berretsi egin zion Nafarroako erregeak emandako sorrerako forua, eta Getariako harresiak berreraikitzeko agindu zuen. Forua berresteak eta harresiak berreraikitzeko aginduak argi erakusten dute 1209 baino lehen ere sortuta eta harresiz bilduta zegoela Getaria, urte askoan besterik uste izan bada ere.

Ordurako, euskal kostaldeko beste zenbait herrik bezala, Getariak mende luzeetako eskarmentua zuen balea arrantzan. Balea zen garai hartako ekonomiaren euskarri sendoenetakoa, ontzigintzarekin eta komertzioarekin batera, eta balearen arrantzaren inguruan antolatzen zen kostaldeko herrietako lana eta bizimodua. Getariak, esaterako, Gaztelako erregearen baimena eskuratu zuen 1270ean, Gipuzkoako mendietan behar zituen zuhaitz guztiak mozteko, egurrarekin itsasontziak eta etxeak eraiki ahal izateko.

Euskal herritarrek balearen arrantzaz eta itsasoko kontuez zuten ezagutza sonatua zen Europa osoan, eta horri esker errespetatuak eta estimatuak ziren. Nazioarteko zenbait akordio ere izenpetu ahal izan zituzten gipuzkoarrek eta bizkaitarrek, erresumen arteko guduetatik eta erasoetatik salbuetsita geratzeko eta nabigazio komertzialaren inguruko kontuak hitzartzeko. Garai hartan, itsas merkataritzak egundoko garrantzia zuen, eta euskal kostaldeko zenbait portuk garapen ekonomiko handia izan zuten: Hondarribiak, Donostiak, Mutrikuk, Bermeok eta Getariak, esaterako.

Itsasontziak, merkataritzan eta arrantzan ibiltzeaz gain, gerrateetan parte hartzeko edota piraterian aritzeko ere alokatzen zituzten, marinelekin batera. Horrek, itsasontzien jabeak nabarmen aberastea ekarri zuen, eta kostaldeko herrietan alde handia sortu zen arrantzatik edo nekazaritzatik bizi ziren herritarren eta ontzien nagusien artean. Azken hauen botereari aurre egiteko, marinelen kofradiak sortu ziren. Betiko usadioaren arabera antolatu eta egituratutako elkarteak ziren kofradiak, hasiera batean batez ere itsasoko langileen interesak babesteko sortutakoak.

Haizea, ordea, ez zen beti alde izaten, eta batzuei zein besteei erasaten zien.

Konkistaren ondoren, euskal portuak Gaztelako erresumaren menekoak bihurtu ziren, eta probestuaren aginduak bete behar izaten zituzten. Probestua, erregeak lurralde bakoitzerako izendatzen zuen ordezkaria zen nolabait, eta zenbait eskubide ematearekin batera, hainbat arau, zerga eta baldintza ezartzen zizkien herriei eta herritarrei, gaur egun egin ohi den antzera. Getariarrek, esaterako, harrapatzen zuten lehen balearen erdia eman behar izaten zioten urtero probestuari.
1474ko azaroan, ordea, herriko kontzejuko 128 getariarrek uko egin zioten probestuari urteko lehen balearen erdia emateari. Ez zuten erregearen aginduak betetzeko asmorik. Azken hamarraldietan, suteek eta izurriteek erabat makurtuta utzi zuten Getaria, itsasoaren ekarraldiek hautsi egin zuten herria eta moila lotzen zituen galtzada, hura konpontzeko ez zen erregeak agindutako laguntza iristen, eta kaia isolatuta geratzeak makaldu egin zuen herriaren garapena, beste portu batzuen mesederako.

Gainbehera horri aurre egiteko, balearen arrantzari eustea eta baleak zekarren aberastasun guztia egoki kudeatzea ezinbestekoa zen getariarrentzat. Balea zen kostaldeko ekonomiaren euskarri garrantzitsuena, eta herrien artean lehia estua sortzen zen, balea nork lehenago ikusi eta harrapatu. Lehiakortasun haren oinordekoak dira gaur egungo arraunlariak eta estropadak.

Urtean hiruzpalau balea harrapatzen zituzten, eta haietako baten erdia erregearen ordezkariari ematea ez zitzaien zuzena iruditu getariarrei, ez behintzat galtzada konpontzeko laguntza heldu artean.

Eskribauaren aurrean sinatu zuten guztiek agiria, urtero harrapatutako lehen balearen erdia erregearen probestuari emateari uko egiten ziotela adieraziz.

Erdi Aroko intsumiso haien izenak gaur arte iritsi dira.

Domingo Sebastian Elkano zen haietako bat.

[ testua: Elkano, itsasoak emandako bizitza liburuaren aurrerapena ]

Sem comentários: