2008/09/03

Abialekura itzuli zirenen kapitaina


Gaur egun, Joan Sebastian Elkanok (Getaria, 1487) bi estatua ditu sorterrian, eta monumentua, eta kalea. Batzuentzat, ez da harritzekoa. Munduari buelta eman, eta abialekura itzultzea lortu baitzuen marinel hark, duela bostehun urte, mundua zabala eta arrotza zen garaian.
Sasoi hartan, Portugalek eta Espainiak mundua bi zatitan banatzea erabaki zuten, sagar bat balitz bezala, bakoitzak bere zatia nahi zuen moduan irentsi ahal izateko. Bi zatietan lurralde eta uharte ezezagunak zeuden, eta haietan espeziak, elikagaiak, esklaboak edota urrea eskuratzeko bidaia handiak antolatu eta egin zituzten itsasoetan barrena.
Espainia hegoaldetik 1519an atera eta 1522an iritsi ziren abialekura europarrentzat ordura arteko bidaia handiena egin zutenek. Bost itsasontzi eta 265 lagun abiatu ziren, eta hiru urte igarota, itsasontzi bakarra itzuli zen, espeziaz beteta, bizirik irautea lortu zuten 18 marinelekin, Elkano kapitainaren aginduetara. Eguzkiaren atzetik beti sartalderantz nabigatuz, itsasoak zeharkatu eta munduari buelta osoa eman zioten. Elkanorekin iritsi zirenen artean, beste hiru euskal herritar zeuden: Joan Akurio, Joan Arratia eta Joan Zubilleta, Bermeoko, Bilboko eta Barakaldoko marinelak, hurrenez hurren.
Oihartzun handiko bidaia izan zen hura garai hartan. Batetik, Amerika zeharkatzeko eta mendebalderantz aurrera egiteko modua aurkitu zutelako europarrek. Bestetik, bide hari segika espeziaz betetako Moluka uharteetara iristea lortu zutelako. Eta, azkenik, eguzkiaren norabide berean nabigatuz, abialekura itzultzen asmatu zutelako. Hala, europarrentzat ezezagunak ziren bideak zabaldu zizkioten merkataritzari eta zientziari bidaia harekin.

Katalina Porturen semea

Getarian inork ez du ezagutzen Katalina Portu. Haren izena arrotza da herrian, eta inon ez da haren omenezko kalerik edo estatuarik, baina Elkanoren bizitzan berebiziko garrantzia du.
Domingo Sebastian Elkanorekin ezkondu zen, eta bederatzi seme-alaba izan zituen. Haien artean, Joan Sebastian Elkano, 1487 inguruan jaio zena, data zehatzik ezagutzen ez bada ere.
Katalina Porturekin ezkondu eta zenbait urtera, gazte hil zen Elkanoren aita, eta alargun geratutako ama hark hazi behar izan zituen bederatzi haurrak, lan eta neke handiarekin. Dena dela, ez zen gaizki moldatu izango, Elkanok hil baino zenbait egun lehenago idatzitako testamentuan ama behin baino gehiagotan izan baitzuen gogoan, haren magaletik jasotako guztia eskertu nahian nolabait.
Hil aurretik itsaso zabalean idatzitako testamentu hura da, zehazki, Elkanoren senideei eta ondasunei buruzko informazio iturri oparoena. Testamentu hari esker osatu ahal izan dira, hein handi batean, Elkanoren bizitzari buruzko hainbat kontu.
Itsasoetan barrena munduari itzulia eman eta abialekura iritsi zelako egin da ezagun Elkano gehienentzat. Orduan sartu zen getariarra historia liburuetan. Lehenago egin zuena, iluntasunak eta isiltasunak inguratu izan du urte askoan, eta Elkanoren bizitza hizpide hartu dutenek ere bizpahiru lerro nahiko izan dituzte bidaia handiaren aurreko guztia laburtzeko.
Berrehun toneleko itsasontzi baten armadorea zen Elkano, eta itsasontzi harekin zenbait kanpainatan ibili zen, betiere Gaztelaren zerbitzura. Batez ere, Cisneros inkisidorearekin, Oran, Bejaia eta Tripoliren aurkako sarraskietan. Ez da harritzekoa Elkanoren historia kontatu dutenek Cisnerosekin batera zertan ibili zen isildu edo ezkutatu nahi izatea orain arte. Izan ere, Francisco Jimenez Cisneros, inkisizioak izan zuen agintari ankerrenetakoa izan zen Erdi Aroan, eta Elkanok parte hartu zuen Oran hiriaren konkistan soilik 4.000 mairu baino gehiago hil zituzten, betiere historialari espainiarren arabera.

Lagun izoztua

Itsasontziarekin Gaztelaren aldeko kanpainetan ibiltzeak, ordea, ez zion ekarri sari handirik Elkanori, ez behintzat dirutan. Izan ere, kontu batzuengatik zein besteengatik, sosak eskatu beharrean izan zen merkatari saboiar batzuei, itzultzeko hitza emanda, eta itsasontzia jarri zuen bermetzat. Hitz emandako denbora igarota, Elkanok ezin izan zien utzitako dirua itzuli, eta adostu bezala, itsasontzia merkatari haien esku geratu zen.
Garai hartan, ordea, Gaztelako erresuman zeharo debekatuta zegoen itsasontziak atzerritarren esku uztea. Delitu larria zen, eta Elkano legez kanpoko bihurtu zen. Sasian bizitzera igaro zen, ezkutuan, zigorrari ihes egiteko.
Itsasontzi hura saldu izanak, horregatik legez kanpoko bihurtzeak, sasian bizitzeak eta ihesean Sevillara iristeak utzi zuen Elkano historia liburuetara eraman zuen bidaiaren atarian. Negualditik sortu zen, eta ilunabarrak ekarri zion eguzkia.

Espezien Uharteetarako bidea

Sasoi hartan, itsasoak zeharkatuz Moluketara edota Espezien Uharteetara iristeko bide berria aurkitzea izan zen bidaia, eta nabigatzaile handien helburu nagusia. Mundua ezezaguna zen artean, eta bilaketa hartan astronomoen eta kartografoen ezagutza informazio preziatua bilakatu zen, haien lana erresumen sekretu babestuenetakoa izateraino.
Portugalek ekialderantz nabigatuz egin zuen Moluketarako bidea. Espainiak, berriz, mendebalderantz nabigatuz iritsi nahi izan zuen. Bidean, ordea, iristea eragozten zion ezusteko kontinente bat topatu zuen 1492an: Amerika.
Espainiak etsipenez ikusi zuen espezieen eta ekialdeko produktuen merkataritza nola geratzen zen Portugalen eskuetan; izan ere, bere itsasontziek kontinente berrian behera egin arren hura zeharkatzea ez zuten lortzen. Noizbait, ordea, Fernando Magallanes izeneko marinel bat agertu zitzaien, Amerika zeharkatzeko eta espezia uharteetara iristeko modua ezagutzen zuela esanez, esperantzari bidea zabalduz.

Magallanesen bidaia handia

Espainiako erregeak espediziorako bost itsasontzi atontzeko konpromisoa hartu zuen. 1518ko udazkenean eta neguan, esaterako, Kontratazio Etxeko ordezkariak euskal kostaldeko portuetan ibili ziren bidaia handirako behar zituztenak biltzen eta erosten, batez ere Bilbon eta Hondarribian.
Itsasontziak ere, garai hartan sonatuak ziren euskal ontzioletan egin zituzten. Munduari itzuli osoa eman eta Joan Sebastian Elkano kapitain zuela iritsi zen Victoria ontzia, esaterako, Zarautzen eraiki zuten, 1515ean. Trinidad ontzia, berriz, espedizioaren itsasontzi nagusia, Bilbon erosi zuten. Itsasontzien kanoiak, eskopetak, lantzak, beste hainbat arma, arrantzarako beharrezko tresna guztiak eta abar eta abar euskal portuetan eta herrietan eskuratu zituzten.
Bidaia arriskutsua zenez, gainera, eskifaia osatzeko beharrak zenbait onura ekarri zizkien bidaia hartan itsasoratzera ausartu zirenei: esaterako, delituak zituztenei zuzenean haiek barkatzea. Hura zen Elkanok behar zuena, eta getariarra Magallanesen bidaian itsasoratu zen.

Ia hiru urteko bidaia

Magallanesen armada 1519ko irailean atera zen Espainia hegoaldetik, eta ia hiru urte geroago itsasontzi bakarra itzuli zen abialekura, 18 marinelekin, Elkanoren agindupean. Haietako bi lagunek, Antonio Pigafetta italiarrak eta Francisco Albo espainiarrak, hasieratik bidaiaren egunerokoa idatzi zuten, eta eguneroko haiei esker bidaiaren nondik norakoak nahikoa zehatz ezagutzen dira.
Hiru urtean, egundokoak pasatu zituzten. Mendebalderantz nabigatu eta Amerikaren hegoaldean aurkitu zuten hura zeharkatu eta Ozeano Barea deitu zuten itsasora pasatzeko bidea. Itsasoa bare egoteak, haizerik ez izateak, lurrik ez aurkitzeak eta janaria bukatzeak infernu bilakarazi zuten bidaiaren zati hura, eta lagun asko hil zen.
Geroago, Magallanes ere hil zuten, borrokan, Espainiako erregearen menekoak izatea onartu nahi ez zuten Maktan uharteko biztanleek. Sarraskiak eginda, eta matxinadak, naufragioak, desertzioak, gosea, heriotza eta abar ezagututa, Espezien Uharteetara iritsi ziren bidaiariak. Eta ordurako Elkano kapitain zela, kanelaz, iltzez, intxaur muskatuz eta antzekoez bete Victoria itsasontzia, eta, portugaldarrengandik ihesi, Afrika hegoalderaino nabigatu zuten. Gero, Esperantza Oneko lurmuturra zeharkatu, gora egin, Espainiara itzuli ziren.
Abialekura itzulita, Espezien Uharteetarako bigarren espedizioa antolatu zuten, etekin komertzialak areagotzeko. Garcia Jofre Loaisaren agindupean abiatu ziren 1525ean, Elkano, Andres Urdaneta eta beste hainbat bidaiari. Itsaso zabalean hil zen Elkano.

[ testua: BERRIA, 2008-09-03 ]

2008/09/02

Getaria, itsasoari begira [II]


Getaria, noizbait, Nafarroako Erresumaren portu garrantzitsuenetakoa izan zen. Antso Jakitunak sortu zuen, XII. mendearen amaiera aldera, data zehatzik ezagutzen ez badugu ere. Geroago, 1200. urtean Gaztelak indarrez hartu zituen Nafarroako Erresumaren zenbait lurralde, gaztelu eta hiribildu, eta haien artean baita Getaria ere.

Gaztelako errege Alfontso VIII.ak 1209an Getariari berretsi egin zion Nafarroako erregeak emandako sorrerako forua, eta Getariako harresiak berreraikitzeko agindu zuen. Forua berresteak eta harresiak berreraikitzeko aginduak argi erakusten dute 1209 baino lehen ere sortuta eta harresiz bilduta zegoela Getaria, urte askoan besterik uste izan bada ere.

Ordurako, euskal kostaldeko beste zenbait herrik bezala, Getariak mende luzeetako eskarmentua zuen balea arrantzan. Balea zen garai hartako ekonomiaren euskarri sendoenetakoa, ontzigintzarekin eta komertzioarekin batera, eta balearen arrantzaren inguruan antolatzen zen kostaldeko herrietako lana eta bizimodua. Getariak, esaterako, Gaztelako erregearen baimena eskuratu zuen 1270ean, Gipuzkoako mendietan behar zituen zuhaitz guztiak mozteko, egurrarekin itsasontziak eta etxeak eraiki ahal izateko.

Euskal herritarrek balearen arrantzaz eta itsasoko kontuez zuten ezagutza sonatua zen Europa osoan, eta horri esker errespetatuak eta estimatuak ziren. Nazioarteko zenbait akordio ere izenpetu ahal izan zituzten gipuzkoarrek eta bizkaitarrek, erresumen arteko guduetatik eta erasoetatik salbuetsita geratzeko eta nabigazio komertzialaren inguruko kontuak hitzartzeko. Garai hartan, itsas merkataritzak egundoko garrantzia zuen, eta euskal kostaldeko zenbait portuk garapen ekonomiko handia izan zuten: Hondarribiak, Donostiak, Mutrikuk, Bermeok eta Getariak, esaterako.

Itsasontziak, merkataritzan eta arrantzan ibiltzeaz gain, gerrateetan parte hartzeko edota piraterian aritzeko ere alokatzen zituzten, marinelekin batera. Horrek, itsasontzien jabeak nabarmen aberastea ekarri zuen, eta kostaldeko herrietan alde handia sortu zen arrantzatik edo nekazaritzatik bizi ziren herritarren eta ontzien nagusien artean. Azken hauen botereari aurre egiteko, marinelen kofradiak sortu ziren. Betiko usadioaren arabera antolatu eta egituratutako elkarteak ziren kofradiak, hasiera batean batez ere itsasoko langileen interesak babesteko sortutakoak.

Haizea, ordea, ez zen beti alde izaten, eta batzuei zein besteei erasaten zien.

Konkistaren ondoren, euskal portuak Gaztelako erresumaren menekoak bihurtu ziren, eta probestuaren aginduak bete behar izaten zituzten. Probestua, erregeak lurralde bakoitzerako izendatzen zuen ordezkaria zen nolabait, eta zenbait eskubide ematearekin batera, hainbat arau, zerga eta baldintza ezartzen zizkien herriei eta herritarrei, gaur egun egin ohi den antzera. Getariarrek, esaterako, harrapatzen zuten lehen balearen erdia eman behar izaten zioten urtero probestuari.
1474ko azaroan, ordea, herriko kontzejuko 128 getariarrek uko egin zioten probestuari urteko lehen balearen erdia emateari. Ez zuten erregearen aginduak betetzeko asmorik. Azken hamarraldietan, suteek eta izurriteek erabat makurtuta utzi zuten Getaria, itsasoaren ekarraldiek hautsi egin zuten herria eta moila lotzen zituen galtzada, hura konpontzeko ez zen erregeak agindutako laguntza iristen, eta kaia isolatuta geratzeak makaldu egin zuen herriaren garapena, beste portu batzuen mesederako.

Gainbehera horri aurre egiteko, balearen arrantzari eustea eta baleak zekarren aberastasun guztia egoki kudeatzea ezinbestekoa zen getariarrentzat. Balea zen kostaldeko ekonomiaren euskarri garrantzitsuena, eta herrien artean lehia estua sortzen zen, balea nork lehenago ikusi eta harrapatu. Lehiakortasun haren oinordekoak dira gaur egungo arraunlariak eta estropadak.

Urtean hiruzpalau balea harrapatzen zituzten, eta haietako baten erdia erregearen ordezkariari ematea ez zitzaien zuzena iruditu getariarrei, ez behintzat galtzada konpontzeko laguntza heldu artean.

Eskribauaren aurrean sinatu zuten guztiek agiria, urtero harrapatutako lehen balearen erdia erregearen probestuari emateari uko egiten ziotela adieraziz.

Erdi Aroko intsumiso haien izenak gaur arte iritsi dira.

Domingo Sebastian Elkano zen haietako bat.

[ testua: Elkano, itsasoak emandako bizitza liburuaren aurrerapena ]

2008/09/01

Mundua sagar bat da [ I ]


Munduko zazpi itsasoetan barrena ibili eta sorlekura itzultzea da Getaria. Eta arrain errearen usaina. Lisboa euritsu bat euskal kostaldean. Senegal, Errumania, Kuba eta Argentina berriak gure artean. Haurrak portuan bainatzen. Hondartza. Zure larrua eguzkiari begira. Sareak. Harrizkoa bihurtutako balea. Elizako kanpaiak. Surfistak itsasora sartzen. Arrantzaleak itsasora ateratzen. Kresalaren izaretan bildutako kaleak. Izar gorriak dituzten itsasontziak. Teilatuak. Aldapak. Katuak. Tabernak. Batelak. Hori dena da Getaria. Munduari itzulia eman dioten marinelen herria. Itsasoak emandako maitalea. Noizbait itzuliko direnen azken portua.

Beharbada horregatik miretsiko dute Joan Sebastian Elkano getariarrek. Itzuli egin zelako. Bi estatua ditu herrian, eta monumentua, eta kalea. Batzuentzat, ez da harritzekoa. Munduari buelta eman, eta abialekura itzultzea lortu baitzuen marinel hark, duela bostehun urte, mundua zabala eta arrotza zen garaian.

Sasoi hartan, Portugalek eta Espainiak, mundua bi zatitan banatzea erabaki zuten, sagar bat balitz bezala, bakoitzak bere zatia nahi zuen moduan irentsi ahal izateko. Bi zatietan lurralde eta uharte ezezagunak zeuden, eta haietan espeziak, elikagaiak, esklaboak edota urrea eskuratzeko bidaia handiak antolatu eta egin zituzten itsasoetan barrena.

Espainia hegoaldetik 1519an atera eta 1522an iritsi zen abialekura europarrentzat ordura arteko bidaia handiena izandakoa. Bost itsasontzi eta 265 lagun abiatu ziren, eta hiru urte igarota, itsasontzi bakarra itzuli zen, espeziaz beteta, bizirik irautea lortu zuten 18 marinelekin, Elkano kapitainaren aginduetara. Eguzkiaren atzetik beti sartalderantz nabigatuz, itsasoak zeharkatu eta munduari buelta osoa eman zioten. Elkanorekin iritsi zirenen artean, beste hiru euskal herritar zeuden: Joan Akurio, Joan Arratia eta Joan Zubilleta, Bermeo, Bilbo eta Barakaldoko marinelak, hurrenez hurren.

Oihartzun handiko bidaia izan zen hura garai hartan. Batetik, Amerika zeharkatzeko eta mendebalderantz aurrera egiteko modua aurkitu zutelako. Bestetik, bide hari segika espeziaz betetako Moluka uharteetara iristea lortu zutelako eta, azkenik, eguzkiaren norabide berean nabigatuz, abialekura itzultzen asmatu zutelako. Hala, europarrentzat ezezagunak ziren bideak zabaldu zizkion merkataritzari eta zientziari bidaia hark.
Itzuli zirenen begiek isilpean oihukatzen zuten sekretua.

Mundua sagar bat da.

[Testua: Elkano, itsasoak emandako bizitza liburuaren aurrerapena].

2008/07/29

Jose Luis Ugarte, itsasgizonaren azken bidaia


Itsasoaren handitasunean gizakia txiki bihurtzen da sarri. Baina gutxi batzuk handi bihurtzen dira eta beren izenak kresala usainari betiko lotuta uzten dute. Horietako bat zen Jose Luis Ugarte. Bakarkako bidaiak egiten zituen itsasgizonari herenegun iritsi zitzaion azken bidaia egiteko garaia, 79 urte zituela. 1928ko azaroaren 6an jaio zen, Getxon (Bizkaia). Gaztetan entzun zuen itsasoko sirenen deia, eta ogibidea mundu horretara zuzendu zuen. Deustuko Itsas Eskolan ikasi zuen, eta marinel gisa lan egin zuen. Hain zuzen, lan horrek eraman zuen Ingalaterrara, eta bertan itsasontzietarako lehengaien hornikuntzan jardun zuen. Bela zen bere bihotzeko kutuna eta egonaldi horretan erosi zuen bere lehen belaontzia, Orion izenekoa. 1970eko hamarkadan Sopelara (Bizkaia) joan zen bizitzera, eta garai horretan hasi zuen ospetsu bihurtu zuen kirol ibilbidea.

1979. urtean burutu zuen bakarkako lehen bidaia, AZAB lasterketan. Bigarren sailkatu zen (1987an irabazi egin zuen). Hurrengo urtean OSTAR lasterketan hartu zuen parte aurrenekoz. Beste lau urtetan ere lehiatu zen (1984. urtean bigarren sailkatu zen II. kategorian eta hirugarren I. kategorian, 1988an). 1990ean munduari bira ematen dion lasterketa batean hartu zuen parte lehen aldiz: BOC Challengean. Horrekin nahiko ez eta bi urte beranduago Vendee Globe lasterketan esku hartu zuen, munduari bira emanez geldialdirik egin gabe. Bidaiako 128.000 miliak burutu zituen 135 egun, 6 ordu eta lau minututan. Arriskuan izan zuen bizia orduan, Poseidonen besarkadak estu hartu zuenean, baina onik iritsi zen bidaia horretatik. Igandean, baina, bidaia luzeagoa egiteko unea iritsi zitzaion.

[ testua: Joseba Zubiaur, BERRIA, 2008-07-29 ]

2008/07/17

Joan Sebastian Elkano: erakusketako testuak

Getarian uda honetan ikusgai dagoen Primus Circumdedisti me. Joan Sebastian Elkano erakusketan, batez ere, Elkano eta Magalhaesen bidaia da hizpide nagusia. Bidaiaren nondik norakoak panel handi batean bilduta daude, 45 ataletan banatutako euskarazko eta gaztelerazko testu elebidunekin, eta itsasontziek egindako bidearekin. 45 atal horietako euskarazko azalpenak honakoak dira:



MAGALHAES-ELKANO ESPEDIZIOA [1519-1522]
MUNDUARI LEHEN ITSAS-BIRA


1 1520ko irailak 20

• Barramedako Sanlukarreko kaian eskifaia osoak aitortu eta komunioa hartu du ospakizun erlijiosoan. Bost itsasontziak Kanarietara abiatu dira. Trinidad ontzitik, Magalhaesek gidatzen du flota, eta Elkano, Concepcion ontziko maestrea da.

Bost itsasontzi: Trinidad > Victoria > Concepcion > San Antonio >

2 Irailak 26

• Tenerifen gizon gehiago hartu ditu espedizioak, dagoeneko 250 bat lagunek osatua.

3

• Carlos I erregeak, botere osoa itsasgizon portugaldar bati eman behar diolako mesfidati, Gaztelako bigarren kapitain bat jarri nahi du gidaritza konpartitzeko eta horrela portugaldarren nagusitasuna orekatzeko. Baina Magalhaesek ez die erregearen aginduei men egin, eta lehenengo liskarra sortu da.

4 Azaroak 29

• Flota Brasilgo kostara heldu eta hegoaldera jarraitu dute.

5 Abenduak 13

• Ontziak Santa Luziako [Rio de Janeiro] badiara iritsi dira eta eskifaia liluratuta gelditu da: askok uste izango du lur gaineko paradisua aurkitu dutela.

6 1520ko urtarrila

• Rio de La Platan lehorreratu eta esploratu egingo dute.

7 apirilaren hasiera

• San Julian deituko duten kai-gordeleku batean negua pasatzea erabaki du Magalhaesek, eguraldi hobearen esperoan. Erabakia ez du beste agintariekin kontsultatu, eta horrek haserrea eragin du agintari nagusi eta eskifaian oro har. Laster matxinada bat gertatuko da, eta matxinatuek, Elkano haien artean, bost ontzietako hiru bereganatuko dituzte.

8

• Desadostasunak bortxaz erabaki dira eta Magalhaesek flota osoaren agintea berreskuratu du. Matxinadaren buruak hil egiten dituzte eta beste batzuk bertan desterratu, lurralde babesgabe hartan. Bere proiektua arriskuan ez jartzeko, Magalhaesek ez ditu matxino guztiak hiltzen.

9

• Hurbil zegoen badia bat esploratzera joana zen ontzia, denetan txikiena, hondoratu egin da. Tostartekoak gainerako lau ontzietan jaso dituzte.

10

• Inguru hau urriaren 18an utzi dute, irrikatutako lurmuturraren bila. Hiru egun geroago aurkituko dute, eta Hamaika Mila Birjinen lurmuturra izenarekin bataiatuko dute.

11

• Itsasarteak jarraitzen zuela konturatuta, eta janari gutxi zeukatela ikusita, askok Gaztelara itzuli nahi dute, aurkikuntzaren berri emateko. Erregearen jarraibideetan aurreikusita dago, baina pentsaezina da Magalhaesentzat. San Antonio itsasontziak ihes egin du, eta penintsularantz abiatu da 60 lagunekin.

12

• Bilaketa nekaezin baten ondoren, aurretik bidalitako txalupek itsasartearen irteera aurkitu dute, horizontearen linea azkenean garbi-garbi ikusten den puntua. Magalhaesek negar egin du jakitean, lortu baitu espedizioaren lehen helburua: ozeanoen arteko igarobidea aurkitzea.

13

• Itsasartean 40 egun pasatu ondoren, azkenean inguratu dute azken lurmuturra. Hiru ontzi itsasoaren handitasunean murgildu dira, geroago Ozeano Barea deituko dioten horretan.

14 1521ean gaude

• Toki erabat ezezagun batean eta baterantz abiatuta, zeharbide luze bati aurre egin behar diote, lurreratu gabe. Jaki freskorik ezak eskorbutoa eta beste gaixotasun batzuk agerrarazi ditu. 20 gizon hil eta beste 30 gaixotu dira.

15

• Espedizioak kronista bereziak ditu, Pigafetta italiarra bezalakoak. Honela kontatzen ditu neke eta oinazeak: “Jaten genuen galleta ez zen jada ogia, substantzia osoa irentsi zuten harrekin nahastutako hautsa baizik, eta zuen kiratsa jasanezina zen, arratoien gernutan blai eginda baitzegoen. Edatera behartuta geunden ura ere ustela eta kirasduna zen [...]. Sarritan gure jana egurrezko zerrautsa besterik ez zen, arratoiak ere, hain nazkagarriak direnak gizakiarentzat, janari gozoa izatera iritsi ziren, eta bakoitza dukat erdia ordaintzera iritsi zen”.

16

• Zeharbide amaiezinean biztanlerik gabeko bi uharte inguratzen dituzte, eta ez dirudi gauza handirik dagoenik. Haietako batean marrazoak harrapatu ahal izan dituzte behintzat, denbora askoan jaten duten lehenengo mokadu freskoa.

Hiru itsasontzi: Victoria > Trinidad > Concepcion

17 Martxoak 6

• Ozeano Bareko zeharbidean, jendea bizi den lehenengo uhartearekin topo egingo dute Mariana uharteetan. Bertakoak, jende ausarta nonbait, ontzietan sartu, miatu eta nahi dutena eramaten ahalegintzen dira. Magalhaesek irlako biztanleen ausardia gogor zigortzea erabaki du.

18

• San Lazaro uharteak izena eman dieten artxipielago batera iritsi dira, gaur egungo Filipinetara. Lurreratu eta gaixoak zaintzeko kanpamendu bat jarri dute. Bertakoei opariak eskaintzen dizkiete, eta elikagaiak lortzen dituzte hainbat objekturen edo gauzen truke.

19

• Hainbat irla igarotzen dituzte eta pozez konturatzen dira bertakoek Enrikeri ulertzen diotela, Magalhaesen gatibua, Sumatar jatorrikoa. Harreman ona lortzen dute bertakoekin, eta hauengandik jakiten dute Cebuko portua dela elikagaiak lortzeko inguruotako onena, eta harantz abiatzen dira.

20 apirilak 7

• Cebu irlara iritsi dira. Magalhaesek merkataritzarako duen asmoa adierazten dio irlako erregeari, eta bake eta adiskidetasun hitzarmena sinatzen dute. Gogo biziz kapitainak kristau erlijioa irakasten die, eta borondatez fede berria hartzeko gonbita egin.

21 apirilak 14

• Badirudi Magalhaesek emandako doktrinak badituela ondorioak: erregea eta bere mendeko ehunka lagun bataiatzeko prest agertu dira, ospakizun erlijioso handi batean. Badirudi kapitainak ahaztu egin dituela bidaiaren benetako helburuak.

22 apirilak 27

• Izandako arrakastak eta beren armen nagusitasuna aintzat hartuta, Magalhaesek bertako liskar batean bere anfitrioi eta lagun berriaren alde egitea erabaki du, erregearen instrukzioek zuhurtzia eskatzen dioten arren. Horrela, Mactango irlan bataila desastroso bati ekin dio. Bertakoek inguratuta, askoz gehiago dira, hondartzan larriki zauritua erortzen da. Sei lagun berarekin hiltzen dira, eta hogei bat zauritu. Apirilaren 27a da.

23

• Eskifaia zer egin jakin gabe geratu da eta irteera prestatzen hasi da. Bidaia jarraitu aurretik, Cebuko erregeak azken oturuntzara gonbidatuko ditu. Gonbidatutakoak ez dira konturatu erregeak jarrera aldatu duela, eta ezta prestatu duen amarruaz ere. Asko azpikeriaz hiltzen dituzte afalondorenean.

24

• Ontzietan ihes egin dute. Elkano gaixo egon da azken asteetan eta, beraz, azkenaldiko gertaera makurretatik albo batera gelditu da.

25

• Eskifaia erabat murriztua dago, eta 108 bakarrik gelditzen dira bizirik. Gutxiegi hiru ontzi gobernatzeko. Horregatik, egoera txarrenean dagoen itsasontzia alde batera uztea erabaki eta su ematen diote. Bertatik balio duten gauzak hartu eta tostartekoak Trinidad eta Victoria ontzietan banatu dira. Beren egitekoa, orain, elikagaiez hornitzea izango da.

Bi itsasontzi: Trinidad > Victoria

26

• Espedizioa Carvalhok gidatzen du orain, eta zorte oneko dabil, banda galdu arren. Palawan-en jakiak lortu dituzte: arroza, txerriak eta oiloak, eta trukean labanak, guraizeak, ehunak eta beste objektu batzuk ematen dituzte, bidaietan ohikoa den moduan.

27

• Azkenean Moluken bila hasi dira. Brunei-ra iritsi eta oso harrera ona egin diete. Elkano eta tostarteko beste talde txiki bat sultanaren jauregira eraman dituzte elefante baten gainean eta ohore guztiekin. Ekialdeko handitasunak liluratu eta limurtu egiten ditu.

28

• Elkano eta beste tostarteko batzuk hirian atxiki dituzte. Itsasontzietatik inguratu dituzten ihi-ontzi susmagarri batzuei eraso egiten diete eta hainbat jende bahitu egiten dute. Azkenean sultanak Elkano eta beste kapitain bat aske utzi ditu eta berriro abiatu dira.

29

• Borneo iparraldean porturatu dira eta itsasontziak ere lehorreratu dituzte, jasandako kalteak konpontzeko. Sei aste eman dituzte horretan.

30

• Eskifaia bilduta, Carvalho kendu eta Elkano izendatu dute Victoria ontziko kapitain.

31

• Jakirik ez dutelako, beste itsasontzi batzuk erasotzen dituzte. Beste ontzietako pilotuak ere harrapatzen dituzte, Moluketara eraman ditzaten.

32 azaroak 8

• Abiatu direnetik bi urte eta bi hilabete pasatu direnean, eta urte erdia Magalhaesen hil zenetik, azkenean Moluketara iritsi dira, beren bidaiaren helmuga. Denak pozak betetzen ditu.

33

• Almanzor erregea, Tidore-ko subiranoa, beren lagun eta aliatua bilakatzen da. Bi kapitainekin bakea sinatu eta errege Karlosi leial izango dela zin egin du. Berehala hasten dira merkataritza tratuan eta laster lortzen dute ontziak espeziez betetzea.

34

• Kezkatuta jakin dute portugaldarrak, Molukak mendean hartzeko gogoz, beren atzetik dabiltzala eta gatibu hartu nahi dituztela. Ondorioz, aurreratu egiten dute abiatzeko data. Planeatutakoa beteta, Ameriketara itzultzea da asmoa.

35

• Irletatik abiatu dira baina berehala Trinidad ontziak ur egiten du. Ontziek itzulerako bidaia desberdinak egitea erabaki dute: Trinidad irletan konponduko dute, Darien aldera, Ameriketara, jarraitu aurretik. Victoria, berriz, berehala abiatuko da kontrako norabidean, monzon haizeak une horretan mendebalderantz jotzen duela aprobetxatuz, Afrika inguratu eta munduari bira ematen saiatuko dira.

36 abenduak 21

• Victoria ontziak, Elkanoren gidaritzapean, itzulerako bidaia hasi du. Barruan 47 tostarteko, 13 indigena eta bertako hainbat pilotu doaz, irletako labirintotik itsaso irekira ateratzen laguntzeko kontratatuak.

37 1522ko urtarrilaren 13a

• Timorren hornitu ondoren Esperantza Onaren lurmuturrerantz abiatu dira. Haien bila dabiltzan gerra-ontzi portugaldarrak saihesteko, kostatik ahalik eta gehien urruntzen ahaleginduko dira.

38

• Jakiak laster bukatuko dira, eta Eskorbutoa eta gosea berriro azaldu dira. Bidaia oinazez beterikoa izango da.

39 maiatzak 19

• Oso zaila gertatu zaie Esperantza Onaren lurmuturra igarotzea.

40

• Afrikako kostaldean, lurrera hainbat aldiz gerturatzen dira jakiak lortu nahian, baina ez dute toki egokirik aurkitzen. Gosea ikaragarria da bizirik irauten dutenen artean.

Itsasontzi bakarra: Victoria

41

• Dagoeneko hil dira hamahiru tostarteko europar eta bederatzi indigena. Hori gutxi balitz, ontzitik ura sarri-sarri atera behar dute.

42

• Jaki guztiak agortu dituzte eta bi alternatiba besterik ez zaizkie geratzen heriotza saihesteko: Afrikako kostaldean lur hartu, edo portugaldarren domeinukoak diren Cabo Verde irletara joateko arriskua hartu. Bozketa egin eta Cabo Verdera joatea erabaki dute.

43 uztailak 9

• Sei hilabete jakirik eta gainerakorik jaso gabe igaro eta gero, Cabo Verdera iritsi dira. Elkanok denei sekretua gordetzeko eskatzen die: Ameriketatik datozela esan behar dute, eta ez Moluketatik. Ordaintzeko besterik ezean, iltzea espeziea erabili dute jakiak erosteko, eta horrek salatzen ditu. Hamahiru lagun lurrean utzi eta ihes egin beharrean daude.

44

• Haizeak Azoreetaraino eraman ditu, baina lehorreratu gabe igarotzen dituzte.

45 1522ko irailak 6

• Barramedako Sanlukarren lehorreratu dira. Bertatik abiatu ziren duela ia hiru urte. Munduari bira eman diote. Ordura arte historian ez zen tamaina hartako balentriarik egin. Ahitutako, gosetutako eta gaixotutako 18 gizon dira.

2008/07/15

Fernando Txueka: «Elkanori buruzko kontu asko dago oraindik argitaratzeko»

Fernando Txueka (Getaria, 1954) ginekologoa da ofizioz, baina beste hainbat afizio ere baditu. Historia, esaterako, bizitza osoan izan duen pasioetako bat da, eta Joan Sebastian Elkanoren figura sakon aztertzera eraman du horrek. Nabigatzailearen arrastoen atzetik ibili da urte askoan agiritegi eta artxibo zaharretan, eta zaila da Elkanori buruz Txuekak baino gehiago dakienik aurkitzea.

Jendetza bildu zen ekainaren amaieran Elkanori buruz eman zenuen hitzaldia entzutera. Getariarrek Elkanoren inguruko jakin-mina duten seinale.

Bai, Elkanori buruz ezer ez dakitelako. Gure arbasoek aurrekoek esandakoari heltzen zioten, eta Elkanoren figura defendatu egin zuten. Herri memoriak ahoz aho gorde eta ekarri du gaur egun arte Elkanori buruz getariarrek jakin izan dutena. Gehiago edo gutxiago, lehorreratzea antzezterakoan, urteurrenetako ekitaldietan eta antzekoetan gehienok hartu izan dugu parte. Herritarrek ez dute ezer askorik jakin, baina Elkano figura garrantzitsua zela bazekiten. getariarrek; batez ere testuinguru historikoagatik, ez dute aukera askorik izan bere bizitza eta bidaiak zehatz ezagutzeko, baina hark egindakoak herriaren memorian igaro dira mendez mende.

Gerora, Jose Artetxeren lana izan zen erreferentzia. Duela 40 bat urte argitaratu zuen Elkanori buruzko biografia, eta oso sakona da. Berari zor zaizkio dakizkigun gauza asko eta asko.

Hala ere, Elkanok Getarian eskulturak, kalea eta sona badituen arren, herritarrek ez dute hari buruzko kontu askorik ezagutzen gaur egun ere.

Donostiarrek Okendo ezagutzen ez duten moduan. Edota Ordizian Urdanetari buruz askorik ez dakiten moduan. Getarian, Ordizian... herritar arruntak arrantzaleak edo nekazariak izan dira, eta herri memoriatik iritsi denari heldu diote. Nolabait, ez dute aukera askorik izan Elkanok, Urdanetak eta antzekoek egindakoa irakurtzeko eta aztertzeko. Baina ez da izan nabigatzaile horiek baztertu nahi izan dituztelako.

Udarako zabaldu den Elkanori buruzko erakusketak nolabait zor hori kitatu dezake, hein batean. Herriaren memoria berreskuratzeko eta jakin-mina asetzeko balio dezake behintzat.

Elkanori buruz dagoena gutxi da. Fondoak eta agiriak egon badaude, baina oso barreiatuta eta galduta. Ehunka eta ehunka dokumentu aztertu eta bildu ditut nik, baina oso sakabanatuta dago guztia. Horiek guztiak aztertu, landu, eta informazio asko atera daiteke oraindik. Elkanori buruzko kontu berri asko atera ditzakegu oraindik artxibo zaharretatik. Baina aurkitutako guztia laburtzea ez da gauza erraza. Bizitza osoan egindako dokumentazio lana baita. Elkanoren garaiko Getaria nolakoa zen aztertu eta hausnarketa historikoa egin dut oraintsu. Dena dokumentatuta dago, baina denbora behar da dena antolatzeko. Nik sintesi bat egin dut. Dokumentazio guztia hartu, eta nolabaiteko laburpena egiten ahalegindu, baina kontu asko dago oraindik argitaratzeko.

Zein artxibotan ibili zara batez ere?

Oso sakabanatuta daude Elkanori buruzko agiriak. Asko eta asko, gainera, artxibo pribatuetan. Getariako artxibo historikoari gertatu zitzaiona ere egundokoa da. Hura guztia galdu egin da, eta zaila da berreskuratzea. Leku askotan ibili naiz, eta saiatzen naiz ahal dena arakatzen, baina oso sakabanatuta dago dena.

Urte asko daramazu Elkanori buruzko kontuak eta agiriak biltzen. Zergatik halako miresmena nabigatzaile getariarrarekiko?

Elkanok bi ekarpen handi egin zituen. Batetik, mundua biribila zela demostratzea, garai hartan. Garapen nautiko handia izan zen Elkanoren aurkikuntza. Lorpen zientifiko garrantzitsua izan zen garai hartarako. Egundokoa. Hori da lorpen handiena. Bigarren ekarpena, berriz, komertziala izan zen: espezie uharteetara joateko eta handik itzultzeko beste bide bat zabaltzea.

[ testua: Urola Kostako HITZA, 2008-07-13 ]

2008/07/14

Elkanori inguratu zaion lehena

Elkanoren eta Magalhaesen bidaiari buruzko erakusketa ikusgai dago Aldamar aretoan, baina irailera arte soilik izango ditu ateak zabalik


«Primus Circumdedisti me». Hitz horiek zituen armarria eman zion Espainiako erregeak Elkanori, munduari itzulia eman ondoren beregana agertu zenean, eta hitz horiek hautatu dituzte ekainaren amaiera aldetik zabalik den Elkanori buruzko erakusketa iragartzeko ere. Primus Circumdedisti me. «Inguratu nauen lehena», dio latinez. Erakusketa honi buruz ere antzeko zerbait esan daiteke: Elkanori inguratu zaion lehena da.


Getariak zor zion erakusketa hau herriaren izena Historian idatzi duen nabigatzaileari. Erakusketa, ordea, irailaren 14ra arte soilik izango da zabalik oraingoz, behin-behinekoa baita, «udarako».

Getariak Elkanori zor dionari inguratzen zaio, bada, baina nahikoa izan gabe. Elkanoren bizitza eta bidaiak getariarrei eta bisitariei ezagutaraziko dizkien gisa honetako erakusketa merezi du Getariak, baina iraunkorra, betiko herrian geratuko dena, eta osatuz eta aberastuz joan daitekeena. Oraingoz, lehenbailehen ikustea eta gozatzea komeni. Merezi du.

Azalpenak, panelen bidez

Elkanoren bizitza baino gehiago, Magalhaesen eta Elkanoren bidaia da erakusketaren ardatza. Panel ederrekin, bisitariari bidaia haren testuingurua, eta nondik norakoak kontatzen zaizkio. Halaber, Elkanoren IV. mendeurrenean Gipuzkoako Aldundiak Ignazio Zuloagari enkargatutako koadroa ere erakusketan dago ikusgai, Imanol Elorza margolariaren hainbat koadrorekin batera. Era berean, panelak eta erakusketa girotzeko hainbat jantzi, espezia eta nabigazioarekin lotutako elementuak ere ikus daitezke.

Asteartetik larunbatera, 10:15etik 13:30era eta 16:00etatik 19:00etara ikus daiteke erakusketa, 3 eurotan. Astelehenetan eta igandetan, 10:15etik 13:30era. 12 urte artekoek eta erretiratuek prezio erdian dute sarrera.

[ testua: Urola Kostako HITZA, 2008-07-13 ]

2008/07/10

Hainbat getariar aktore lanetan aritu da Elkanori buruzko DVDan

Dagoeneko salgai dago erakusketan bertan ikus daitekeen bideoa, 6 eurotan


Joan Sebastian Elkanori buruzko erakusketa osatze aldera, nabigatzaile getariarrari buruzko DVDa prestatzea erabaki zuten erakusketaren antolatzaileek, eta aurtengo martxoan lanean hasi ondoren, dagoeneko salgai da dokumentala, erakusketan bertan edota Getariako Turismo bulegoan, 6 eurotan. Galdare ikus-entzunezkoen komunikazio enpresak ekoitzi du DVDa, eta sei hizkuntzatan ikus daiteke: euskaraz, gazteleraz, katalanez, ingelesez, frantsesez eta alemanez.

Hamabost minutu inguru irauten duen lan honetarako, hainbat getariar aritu dira aktore moduan, lehendik ere lau urtean behin antzezten duten Elkanoren lehorreratzean jardun izan dutenak. Zehazki, Manuel Gorostiagak jokatu du Elkanoren rola. Rufino Isastik, berriz, Magallanesi eman dio bizitza, eta Valentin Artano, Jesus Mari de la Hoz, Florentino Saizabal, Jabi Isasti, Iñaki Bikuña, Iñaki Urresti, Luis Berasaluze eta Jose Manuel Gorostiaga aritu dira marinel moduan.

Dokumentalaren irudiak, batez ere Getarian bertan filmatu dituzte, besteak beste, San Salbador elizan, San Anton mendian, eta gaur egun Saiaz hotela bihurtuta dagoen XV. mendeko eraikinean.




DVDaren kredituak [ aktoreak, gidoia, produkzioa, ekoizpena... ]


[ irudiak: Galdarek ekoitzitako Primus Circumdedisti me dokumentaletik hartutakoak ]

2008/07/08

Magalhaesen eta Elkanoren bidaia [1519-1522]


Bi inperiok mundua beren artean banatzea erabaki zuten garaian, espezia uharteetara lehenengo iristeko lehia bizia piztu zen bien artean. Merkantzia preziatuen iturri, salerosketan parte hartzen zuenak egundoko dirutzak lortzen zituen. Gustu eta aho zapore berrien gose eta egarri zen Europa, eta osagai onak lortzeko ez zitzaion inporta ordaintzea. Horixe izan zen gurari berri honi bultzada eman ziona.

Carlos I gaztelar erregeak Fernando Magalhaesi eman zion horretarako ardura. Zailtasunak izan arren, aurkitu zuen ozeano berrirako igarobidea, eta Barea izenarekin bataiatu zuen. Zeharkatu egin zuen lur berriak aurkitu arte. Baina borrokan hil zen, eta horrek figura berri bat ekarri zuen: Joan Sebastian Elkano. Ez zuen amore eman espezia uharteak aurkitu arte. Bere ontzia ongi hornitua, arriskuz betetako erabakia hartu zuen: penintsulara itzultzea beti mendebalderantz bidaiatuta, Portugalek kontrolatzen zituen itsasoak zeharkatuta.

Elkano eta 17 marinel gehiagok lortu zute Sanlucar Barramedakora iristea, hiru urte lehenago abiatzen ikusi zituen kaira. Ontzitik, hezur eta azal, gaixorik eta ahiturik lehorreratu ziren, hamaika oinaze sufritu ondoren, baina egundoko balentria lortuta: munduari lehenengo itsas-bira. Bidaitik itzulita, espedizioak betirako aldatuko zuen lurraren irudia.

[ testua: Primus circumdedisti me erakusketa iragartzen duen esku-orritik ]
[ irudia: Wikipedia, entziklopedia askea]

2008/07/07

Joseba Sarrionandiak Elkanori idatzitako poema, 'Hnuy illa nyha majah yahoo' liburuan

J.S. ELKANO

Ni ere izan nintzen haurra Getarian, Kantabriako
olatuen bazterrean,
harik eta behin bidaia aide batek bihotza beterik
atako bandak erakarri ninduen arte.
Munduaren izena okerra da lurra deitzen denean:
Itsaso gehiago da lurra baino.
Amak itsasoko bildurgarriez hitzegiten zidan eta itsasoan
hildakoentzat egiten zituen otoitzik gehienak;
baina bere malko bakoitzak itsasoko ura gehitu
baino ez zuen egiten.

Untzi ilunean abiatu ginen, ez onbidean,
ni ez naiz beti izan legezkoa,
kontrabandoan ihardun ginen, gero Berberiako mairuei
saldu nien gure untzi iluna.
Behin portuges batek sagar bat erakutsi zidan eta
sagarraren gerria labanaz markatuz esan zidan:
‘Karta sekretuak daude, mundua sagar honen antzekoa da,
hemendik joanez gero
abialekura itzuliko gara’, eta beste untzi ilun batetan
abiatu ginen sartalderuntz.

Lur ezezagunak kausitu genituen, Bresill, andere
biluzien lurraldea,
eta hegoaldeko itsasoen xerka joan ginen, ez naiz saindua,
ez legezalea,
eta Fernão de Magalhães akabatzen entseatu ginenean
nik lonbarderoak prestatu nituen.
Ez dago herren onik, eta herren portuges madarikatu hark
bentzutu ginduen,
eta han arroka bakardade hotz haretan (hilargia
suak hartua zetzan uretan oso barruan),
gainbizitzeaz harritua, lagunen heriotzaren lekuko
isila izan nintzen.
Gero indio erraldoiak ezagutu genituen, burdinezko
eskuturrekoak oparituz gatibatu genituen,
eta gure untzi ilunaren bela-izarak zabalduz joan ginen,
egunak laburrak
eta gauak beti ere luzeagoak eta ikaragarriak zirela,
izotz nabeganteak saihestuz,
mendietatik eroritako ekaitzak jasan eta mapa sekretua
jarraituz, eta hura zen

mapa sekretuetako Kabo Desiratua, eta lehorretik
suzko mila begik
soegiten ginduzten, eta Suaren Lurraldea bataiatu genuen,
eta Keearen Lurraldea,
eta Hegoaldeko Lurraldea, eta Saindu Guzien Lurraldea
eta negar egin genuen pasakeran.
Gero kalma zurian nabegatu genuen sartalderuntz,
beste itsasorantza,
eta itsasoa zeta urdin zabala zen eguzki leinuruaren azpian
eta haizeak ez ginduen bultzatzen.

Gaztelanoek Pacifico deitzen zuten, esan nahirik baketsua
nahiz eta bakearekin egarria, gosea, gaisoa ezarri.
Baketsua ote da ba infernua! Urrezko dukat bat ordaindu dut
arratoi arre batengatik.
Zoritxarreko irla askoren albotik pasatu gara
untzi mastetako larru zatiak janez,
eta mundua zihurtasun falta bat, amilerako erorkera,
‘lehorra!’ oihukatzeko gogoa,
batzutan geure gainetik pasatzen diren hodeiak baino
ez dago lehorragorik.

Eta Irla Aberatsetara arribatu ginen, adiskidetu ginen
sultanekin,
salbaiak bataiatu genituen, kainonazoak jo genituen
eta hil zen bat, eta hil zen beste bat
Paradisu arriskutsu haretan, eta iadanik guti ginelarik
sua eman genien gure untzi gehienei,
errauts bilakatuz itsasoan hondatzen ziren
hondakin ilunei soegiteko.
Eta sartalderuntz jarraitu genuen, irla batzuetan ase ginien
eta bestetan egarriak hil,
salbaiak hil genituen, edo salbaiek hil gintuzten, eta
irlarik irla
erromes izugarriak izan ginen balizko loriaren
ketan.
Hildako lagunak kareletik botatzen genituen
uretara.
Antonio Pigafetta popan jartzen zen itsasora
jaurtiriko hilotzei begira:
kristauak zerura begira geratzen omen ziren urgainean,
indioak ur hondora begira. Italiar idiota hori!

Afrika bazterretik inguratuko orduko bagenekien
mapa sekreturik ez zela.
Eta horrela arribatu ginen portura sagarren
sasoirako.
Egunik egun izkiriaturik nabegazio liburuan Irailak
6 egun zituen:
jendea Irailaren 7an bizi zen. Esan nien: ai, lagunok,
ailegatu gara gure untzi ilunarekin.
Eta arbola makur bat naiz ni, itsasoetan barrena
bidaia egin zuena.

Sagar bat erakusten diet Getariako haurrei, orain
sagarren sasoia denean,
laban puntaz markatzen dut bere gerri humoa
bira osoan.
‘Munduak sagarraren antza du ala?’ galdetzen dute,
halakoak dira haurren galdemoduak…

[ hitzak: Joseba Sarrionandia: Hnuy illa nyha majah yahoo (Poemak 1985-1995), Elkar, 1995 ]

2008/07/04

Elkanori eta bere bidaiari buruzko erakusketa zabaldu dute Getarian


«Alde batetik, Getariak zor bat zeukan Elkanorekin eta, bestetik, turismo aldetik, jende asko etortzen zen herrira Elkanori buruzko ezer ba al zegoen galdezka. Hori guztia ikusirik, Elkanori buruzko erakusketa bat egitea erabaki dugu», azaldu zuen atzo Getariako Udaleko Kultura zinegotzi Ekaitz Balentziagak erakusketaren inaugurazioan. Gainera, Turismo bulegoko teknikariaren eskutik, bisita gidatu egiteko aukera izan zuten gonbidatuek.

Erakusketa Aldamar kulturgunean zabaldu dute eta Primus circumdedisti me izenburua jarri diote. Elkano nabigatzaileak eginiko balentria aitortzeko Espainiako Karlos I.a erregeak eman zion esferan azaltzen den testuan oinarritu dira izenburua jartzerakoan eta «lehena izan zinen munduari bira ematen» esan nahi du.



9 panel informatzaile

Instalazioan sartu eta berehala munduko mapa batekin egingo du topo bisitariak. Bertan, Fernando Magallanesek eta Joan Sebastian Elkanok elkarrein hasi eta, Magallanes hil ostean, nabigatzaile getariarrak amaituriko bidaiaren inguruko azalpenak ageri dira. Horrekin batera, bidaiaren xehetasunak eta bitxikeriak jaso dituzte bederatzi panel informatzailetan.

Erakusketan ikusgai dauden gauzen artean, Imanol Elorza margolariaren hainbat koadro jarri dituzte, baita Getariako udaletxeko batzar aretoan egon ohi den Ignacio Zuloagak egindako Elkanoren erretratoa ere. Horretaz gain, ikus daitezke Talaipe jatetxeak utzitako lema; Pedro Iribarrek egindako erakusketa batean erabilitako materiala (aingurak, kupelak, karroa eta abar); Sevillako (Espainia) Expotik ekarritako alanbrezko figurak; Zarauzko Udalak Getariakoari emandako Nao Victoria ontziaren erreprodukzioa; Donostiako Aquariumak utzitako kanoiak, arpoiak eta irudiak; eta Elkanoren lehorreratzea antzezten dutenean erabiltzen dituzten jantziak.

Bestalde, Elkanoren bidaiari buruzko ordu laurdeneko bideo informatibo bat grabatzen jardun dira joan den martxotik, eta hori ere ikusteko aukera izango da. Ikus-entzunezko horretan herritarrak aritu dira aktore lanetan.

[ testua: Aritz Mutiozabal - Urola Kostako HITZA, 2008-06-24 ]

· Erakusketa irailaren 14ra bitartean egongo da zabalik.
· asteartetik larunbatera, 10:15etik 13:30era eta 16:00etatik 19:00etara.
· astelehenetan eta igandetan, 10:15etik 13:30era irekiko dute.
· Sarrerak 3 euro balio du.
· 12 urtetik beherakoentzat eta erretiratuentzat, 1,5 euro
· Getariako Turismo bulegoa: 943 140957.
· www.getaria.net

2008/07/01

Ramos Azkarate [1880-1904] tolosarraren bertsoak, Elkanori jarriak


JUAN SEBASTIAN DE ELKANO

Getariako seme leyal bat
beñere ez dedin aztu,
Tolosa ontako gazte jendiak
nai genduke txit onratu;
¿Delkano zanak eindako lanak
zenek aik danak kantatu?
onen istoria irakurri ta
guztiok zoratu gaitu.

Juan Sebastian de Elkano,
au izan zan pilotua,
eguzkiaren azpi guzian
berdiñikan gabekua,
itxasoetan onek izan zun
biotza korajesua,
barku batian aurren aurrena
jiratu zuan mundua.

Milla bosteun da emeretzitik
oi ta bira bitartian,
sosegu gabe au ibilli zan
itxasoaren gañian,
isla berriak topatu nayan
Españiyaren onian,
bere biziya arraiskatuaz
salbajiaren artian.

Norteko izarra artian illun,
bide batzuek itxiyak,
jakinduriaz iriki zitun
arkitu ziran guziyak,
baita billatu mundu berrian
isla ondasungarriyak,
zeruko Aitak oni eman zizkan
beretzat zazpi doayak.

Goyan zerua, beyetan ura,
etsai gaiztoak nunaitik,
barkua berriz urez betetzen
ari zitzayon zulotik,
turmoi, tximistak, aize gaiztoa,
alderdi guztietatik,
bere lagunak erdiyak iltzen
zitzaizkiola sustotik.

Bizi ziranak bere onduan
guztiz ziraden bildurtu,
kontrariyuaren eskuetan
nai zutela gelditu,
Delkano zanak onelako itzik
etzun nai izan aditu,
bere balorez koitadu ayek
guziak zitun salbatu.

Izan zalako gau eta egun
Delkano animosua,
Victoria'kin onek ein ziyon
munduari jira osua,
iru urtean pasatu zitun
amalau milla legua,
pozak zoratzen sartu ziraden
Barrameda'ko portua.

Beren promesa kunplitutzera
juan ziran koitaduak,
erdiyak eta geyago zeuden
osasunatik galduak,
bestetik berriz beren gorputzak
iya larru gorrituak,
jendea berriz airi begira
ezin sekatuz malkuak.

Toki guztietan zabaldu izan zan
Juan Sebastian'en izena,
nungua ote zan mundu guzia
jiratu zuena aurrena,
ala biarrak ala gertatu
egiazko euskalduna,
erderaz ezin ikasi eta
euskara maitatzen zuna.

Karlos bosgarren Españiako
orduko enperadoreak,
merezi bezela etzizkan eman
oni bere onoreak,
pensatu gabe nolatan pasa
zituen iru urteak,
jende guztiya arritzen zuan
onek ein zun biajeak.

Mundu guziya lendabiziko
onek zubela jiratu,
izen orrekin zizkaten oni
neke guziyak pagatu,
bosteun dukat urteko agindu,
batere ezin zun kobratu,
beste biajian gizarajua
eriotzan zan gertatu.

Glori aundi bat izandu zuen
gure probintzi maiteak,
orrelako lan bat ondo eitea
emen bertako semeak,
famatzen dute mundu ontako
Jayota dauden jendeak,
nola ez gera gu oroituko
pasagatikan urteak?

[ iturria: Ramos Azkarate; Galtzaundi ta beste bertso asko (Antonio Zavalaren edizioa). Auspoa, 1962 ].
[ argazkia: www.begizta.net]

Sartaldetik iritsitako sortaldekoak

Andres Urdaneta itsasgizonaren jaiotzaren bostehungarren urteurrenean, Asiatik Europara ireki zuen bidetik heldu ziren espezien historia eta erabilerak bildu dituzte erakusketa batean


Europan XII. mendean agertu ziren, eta gaur egun ere auzo, herri eta hirietako saltokietan aurki daitezke. Erromatarrek species hitzarekin izendatzen zituzten ezaugarri bereziko produktuak, baina Erdi Aroan, Europara iritsi zirenak hain apartekoak ez ziren horietatik bereizteko (tartean, garia sartzen zuten erromatarrek), usaindunak osagarria gehitu zieten. Garaiko kroniken arabera, Juan Sebastian Elkano (1486-1526) itsas kapitain getariarrak munduari bira eman zionean (1519-1522) iltze-belar karga bat ekarri zuen, eta 25.000 dukat ordaindu zizkioten. Produktu garestia zen, eta Espainiako eta Portugalgo agintariek berehala ikusi zuten beste lur batzuk ustiatzeko eta aberasteko aukera; urrea bezain beste balio zuten, oso estimatua baitzen elikagaiak gorde, usain eta zapore txarrak kendu eta osasuna zaintzeko.

Ezohiko usain horrek hartu du Ordiziako (Gipuzkoa) D'Elikatuz interpretazio zentroa. Andres Urdaneta itsas kapitain ordiziarrak (1508-1568) ireki zuen espezien bide komertziala Mexikotik Filipinetara eta Moluka uharteetara (Indonesia), eta haren jaiotzaren urteurrena ospatzeko, mendebaldetik ekarri zituen espezia erakusketa antolatu dute. Mendebaldeko espeziak dira, hain zuzen ere, Ozeano Barea nola zeharkatu asmatu zuelako Urdanetak. Diru iturri ziren espeziak, baina ez Elkanok egin zuen bezala, hiru urteko bidaia baten bidez merkaturatzeko. Espainiarrentzat etekina handiago zen Asiatik Amerikara nola itzuli asmatu (joatea ez zen arazo) eta espeziak Mexikotik Espainiara eramaten baziren. Itzulerako bide hori aurkitu zuen Urdanetak. XIX. mendera arte bide hori izan zen Asia, Amerika eta Europa arteko bide komertzial eta kultural garrantzitsuena, norabide bakarrean. Frantziak Moluka uharteetatik haziak ostu eta monopolioa hautsi zuenean amaitu zen negozioa bidearen jabe zirenentzat, eta orduantxe utzi zioten espezieak hain preziatu izateari.

Antzinako gatazka odoltsuak atzean, sukaldeko beste produktu bat dira gaur egun espeziak, eta, Euskal Herriko gastronomian, perrexila alde batera utzita, ez oso erabiliak gainera; ez behintzat AEB, Frantzia, Japonia eta Alemaniarekin alderatuta, herrialde horietan erabiltzen baitira gehien espeziak. Ordiziako erakusketan espezia horiek guztiek osasunarentzat eta gastronomiarentzat dituzten erabilerak aurkeztu dituzte, baita euren historia ere, eta urte bukaera arte egongo da zabalik. Ordura arte izango da 28 espezia ikusi eta usaintzeko aukera.

***
Espeziak
ZENBAIT ERABILERA
· Piperbeltza. Gaztari piperbeltz hautsa bota, olio txorrotara batekin busti eta etxeko ogi txigortu gainean zerbitzatu.
· Iltze-belarra. Haragia edo arroza prestatzeko saldetan tipula bat egosi, barruan iltze-belar bat duelarik.
· Intxaur muskatua. Gazta tortilla goxo askoa egin daiteke arrautzei intxaur muskatu apur bat, esne koilarakada bat eta gazta xehatua gehituz.
· Kanela. Gozoa denez, azukre askoko postreetan azukrea gutxitzeko erabil daiteke.
· Piperrautsa. Tomate saltsari edo arrain zopari koilarakada bat bota.
· Pipermina. Pistoari bota, eta zaporea indartuko dio.
· Erramua. Burruntzia gozatzeko, hosto txikituak gehitu.
· Ezkaia. Barazkiei bota, zaporea indartzeko.

[ testua eta argazkia: Jon Ordoñez, BERRIA, 2008-07-01 ]

2008/06/30

Joan Sebastian Elkano [1486-1526]

Juan Sebastian Elkano (1486-1526) Espainiako esploratzailea izan zen, Getarian (Gipuzkoa) jaioa. Munduari bira osoa eman zion lehenbiziko espedizioan parte hartu eta azkenengo partea berak gidatu zuen. 1519. urtean Sevillatik irten eta 1522an berriro Sanlucar de Barrameda herrira ailegatu zen Victoria Ontzia, beste 17 marinel bizirekin bakarrik.


Gaztetan arrantzale izan zen. Magallanes esploratzaile portugaldarrak prestatutako espedizioan parte hartu zuen 23 urterekin, portugaldarrek erabiltzen ez zuten ibilbide berri bat egitea helburu zutelarik. 1519ko abuztuaren 10ean Sanlucar de Barramedatik (Sevilla) irten zen espedizioa. Concepción untziko kapitain zela, Atlantiar Ozeanotik Ozeano Barera heldu ziren, gaur egun Magallanes itsasartea deritzona aurkitu eta igaroz. Filipinetara iristerakoan bost ontzietatik bi besterik ez zitzaizkien geratzen eta espedizioko kide asko gaixotasunen ondorioz hil ziren. Mactan irlako erasoan Magallanes hilik suertatu zen eta Elkanok Victoria ontziko eta espedizio osoko agintea hartu zuen. Moluka uharteetara iritsi eta ontzi bat bertan deseginda geratu arren, bestea espeziez kargatu eta itzulera antolatu zuten.

Hiru urte behar izan zituzten Sanlucar de Barramedara itzultzeko baina azkenean, eta irten ziren 265 gizonetatik 18 bakarrik itzuliz, 1522ko ekainaren 6an bueltatu ziren. Karlos V.a erregeak Elkano Valladoliden hartu zuen eta bere armarrian munduaren irudi bat ezartzeko baimena eman zion honako esaldi hau ipiniz: "Primus circumdedisti me". Handik hiru urtera beste bidaia batean abiatu eta bertan hil zen. Gorpua kareletik behera itsasora bota zuten.

[ Iturria:Wikipedia, entziklopedia askea]