2008/07/01

Sartaldetik iritsitako sortaldekoak

Andres Urdaneta itsasgizonaren jaiotzaren bostehungarren urteurrenean, Asiatik Europara ireki zuen bidetik heldu ziren espezien historia eta erabilerak bildu dituzte erakusketa batean


Europan XII. mendean agertu ziren, eta gaur egun ere auzo, herri eta hirietako saltokietan aurki daitezke. Erromatarrek species hitzarekin izendatzen zituzten ezaugarri bereziko produktuak, baina Erdi Aroan, Europara iritsi zirenak hain apartekoak ez ziren horietatik bereizteko (tartean, garia sartzen zuten erromatarrek), usaindunak osagarria gehitu zieten. Garaiko kroniken arabera, Juan Sebastian Elkano (1486-1526) itsas kapitain getariarrak munduari bira eman zionean (1519-1522) iltze-belar karga bat ekarri zuen, eta 25.000 dukat ordaindu zizkioten. Produktu garestia zen, eta Espainiako eta Portugalgo agintariek berehala ikusi zuten beste lur batzuk ustiatzeko eta aberasteko aukera; urrea bezain beste balio zuten, oso estimatua baitzen elikagaiak gorde, usain eta zapore txarrak kendu eta osasuna zaintzeko.

Ezohiko usain horrek hartu du Ordiziako (Gipuzkoa) D'Elikatuz interpretazio zentroa. Andres Urdaneta itsas kapitain ordiziarrak (1508-1568) ireki zuen espezien bide komertziala Mexikotik Filipinetara eta Moluka uharteetara (Indonesia), eta haren jaiotzaren urteurrena ospatzeko, mendebaldetik ekarri zituen espezia erakusketa antolatu dute. Mendebaldeko espeziak dira, hain zuzen ere, Ozeano Barea nola zeharkatu asmatu zuelako Urdanetak. Diru iturri ziren espeziak, baina ez Elkanok egin zuen bezala, hiru urteko bidaia baten bidez merkaturatzeko. Espainiarrentzat etekina handiago zen Asiatik Amerikara nola itzuli asmatu (joatea ez zen arazo) eta espeziak Mexikotik Espainiara eramaten baziren. Itzulerako bide hori aurkitu zuen Urdanetak. XIX. mendera arte bide hori izan zen Asia, Amerika eta Europa arteko bide komertzial eta kultural garrantzitsuena, norabide bakarrean. Frantziak Moluka uharteetatik haziak ostu eta monopolioa hautsi zuenean amaitu zen negozioa bidearen jabe zirenentzat, eta orduantxe utzi zioten espezieak hain preziatu izateari.

Antzinako gatazka odoltsuak atzean, sukaldeko beste produktu bat dira gaur egun espeziak, eta, Euskal Herriko gastronomian, perrexila alde batera utzita, ez oso erabiliak gainera; ez behintzat AEB, Frantzia, Japonia eta Alemaniarekin alderatuta, herrialde horietan erabiltzen baitira gehien espeziak. Ordiziako erakusketan espezia horiek guztiek osasunarentzat eta gastronomiarentzat dituzten erabilerak aurkeztu dituzte, baita euren historia ere, eta urte bukaera arte egongo da zabalik. Ordura arte izango da 28 espezia ikusi eta usaintzeko aukera.

***
Espeziak
ZENBAIT ERABILERA
· Piperbeltza. Gaztari piperbeltz hautsa bota, olio txorrotara batekin busti eta etxeko ogi txigortu gainean zerbitzatu.
· Iltze-belarra. Haragia edo arroza prestatzeko saldetan tipula bat egosi, barruan iltze-belar bat duelarik.
· Intxaur muskatua. Gazta tortilla goxo askoa egin daiteke arrautzei intxaur muskatu apur bat, esne koilarakada bat eta gazta xehatua gehituz.
· Kanela. Gozoa denez, azukre askoko postreetan azukrea gutxitzeko erabil daiteke.
· Piperrautsa. Tomate saltsari edo arrain zopari koilarakada bat bota.
· Pipermina. Pistoari bota, eta zaporea indartuko dio.
· Erramua. Burruntzia gozatzeko, hosto txikituak gehitu.
· Ezkaia. Barazkiei bota, zaporea indartzeko.

[ testua eta argazkia: Jon Ordoñez, BERRIA, 2008-07-01 ]

Sem comentários: