2008/07/14

Elkanori inguratu zaion lehena

Elkanoren eta Magalhaesen bidaiari buruzko erakusketa ikusgai dago Aldamar aretoan, baina irailera arte soilik izango ditu ateak zabalik


«Primus Circumdedisti me». Hitz horiek zituen armarria eman zion Espainiako erregeak Elkanori, munduari itzulia eman ondoren beregana agertu zenean, eta hitz horiek hautatu dituzte ekainaren amaiera aldetik zabalik den Elkanori buruzko erakusketa iragartzeko ere. Primus Circumdedisti me. «Inguratu nauen lehena», dio latinez. Erakusketa honi buruz ere antzeko zerbait esan daiteke: Elkanori inguratu zaion lehena da.


Getariak zor zion erakusketa hau herriaren izena Historian idatzi duen nabigatzaileari. Erakusketa, ordea, irailaren 14ra arte soilik izango da zabalik oraingoz, behin-behinekoa baita, «udarako».

Getariak Elkanori zor dionari inguratzen zaio, bada, baina nahikoa izan gabe. Elkanoren bizitza eta bidaiak getariarrei eta bisitariei ezagutaraziko dizkien gisa honetako erakusketa merezi du Getariak, baina iraunkorra, betiko herrian geratuko dena, eta osatuz eta aberastuz joan daitekeena. Oraingoz, lehenbailehen ikustea eta gozatzea komeni. Merezi du.

Azalpenak, panelen bidez

Elkanoren bizitza baino gehiago, Magalhaesen eta Elkanoren bidaia da erakusketaren ardatza. Panel ederrekin, bisitariari bidaia haren testuingurua, eta nondik norakoak kontatzen zaizkio. Halaber, Elkanoren IV. mendeurrenean Gipuzkoako Aldundiak Ignazio Zuloagari enkargatutako koadroa ere erakusketan dago ikusgai, Imanol Elorza margolariaren hainbat koadrorekin batera. Era berean, panelak eta erakusketa girotzeko hainbat jantzi, espezia eta nabigazioarekin lotutako elementuak ere ikus daitezke.

Asteartetik larunbatera, 10:15etik 13:30era eta 16:00etatik 19:00etara ikus daiteke erakusketa, 3 eurotan. Astelehenetan eta igandetan, 10:15etik 13:30era. 12 urte artekoek eta erretiratuek prezio erdian dute sarrera.

[ testua: Urola Kostako HITZA, 2008-07-13 ]

2008/07/10

Hainbat getariar aktore lanetan aritu da Elkanori buruzko DVDan

Dagoeneko salgai dago erakusketan bertan ikus daitekeen bideoa, 6 eurotan


Joan Sebastian Elkanori buruzko erakusketa osatze aldera, nabigatzaile getariarrari buruzko DVDa prestatzea erabaki zuten erakusketaren antolatzaileek, eta aurtengo martxoan lanean hasi ondoren, dagoeneko salgai da dokumentala, erakusketan bertan edota Getariako Turismo bulegoan, 6 eurotan. Galdare ikus-entzunezkoen komunikazio enpresak ekoitzi du DVDa, eta sei hizkuntzatan ikus daiteke: euskaraz, gazteleraz, katalanez, ingelesez, frantsesez eta alemanez.

Hamabost minutu inguru irauten duen lan honetarako, hainbat getariar aritu dira aktore moduan, lehendik ere lau urtean behin antzezten duten Elkanoren lehorreratzean jardun izan dutenak. Zehazki, Manuel Gorostiagak jokatu du Elkanoren rola. Rufino Isastik, berriz, Magallanesi eman dio bizitza, eta Valentin Artano, Jesus Mari de la Hoz, Florentino Saizabal, Jabi Isasti, Iñaki Bikuña, Iñaki Urresti, Luis Berasaluze eta Jose Manuel Gorostiaga aritu dira marinel moduan.

Dokumentalaren irudiak, batez ere Getarian bertan filmatu dituzte, besteak beste, San Salbador elizan, San Anton mendian, eta gaur egun Saiaz hotela bihurtuta dagoen XV. mendeko eraikinean.




DVDaren kredituak [ aktoreak, gidoia, produkzioa, ekoizpena... ]


[ irudiak: Galdarek ekoitzitako Primus Circumdedisti me dokumentaletik hartutakoak ]

2008/07/08

Magalhaesen eta Elkanoren bidaia [1519-1522]


Bi inperiok mundua beren artean banatzea erabaki zuten garaian, espezia uharteetara lehenengo iristeko lehia bizia piztu zen bien artean. Merkantzia preziatuen iturri, salerosketan parte hartzen zuenak egundoko dirutzak lortzen zituen. Gustu eta aho zapore berrien gose eta egarri zen Europa, eta osagai onak lortzeko ez zitzaion inporta ordaintzea. Horixe izan zen gurari berri honi bultzada eman ziona.

Carlos I gaztelar erregeak Fernando Magalhaesi eman zion horretarako ardura. Zailtasunak izan arren, aurkitu zuen ozeano berrirako igarobidea, eta Barea izenarekin bataiatu zuen. Zeharkatu egin zuen lur berriak aurkitu arte. Baina borrokan hil zen, eta horrek figura berri bat ekarri zuen: Joan Sebastian Elkano. Ez zuen amore eman espezia uharteak aurkitu arte. Bere ontzia ongi hornitua, arriskuz betetako erabakia hartu zuen: penintsulara itzultzea beti mendebalderantz bidaiatuta, Portugalek kontrolatzen zituen itsasoak zeharkatuta.

Elkano eta 17 marinel gehiagok lortu zute Sanlucar Barramedakora iristea, hiru urte lehenago abiatzen ikusi zituen kaira. Ontzitik, hezur eta azal, gaixorik eta ahiturik lehorreratu ziren, hamaika oinaze sufritu ondoren, baina egundoko balentria lortuta: munduari lehenengo itsas-bira. Bidaitik itzulita, espedizioak betirako aldatuko zuen lurraren irudia.

[ testua: Primus circumdedisti me erakusketa iragartzen duen esku-orritik ]
[ irudia: Wikipedia, entziklopedia askea]

2008/07/07

Joseba Sarrionandiak Elkanori idatzitako poema, 'Hnuy illa nyha majah yahoo' liburuan

J.S. ELKANO

Ni ere izan nintzen haurra Getarian, Kantabriako
olatuen bazterrean,
harik eta behin bidaia aide batek bihotza beterik
atako bandak erakarri ninduen arte.
Munduaren izena okerra da lurra deitzen denean:
Itsaso gehiago da lurra baino.
Amak itsasoko bildurgarriez hitzegiten zidan eta itsasoan
hildakoentzat egiten zituen otoitzik gehienak;
baina bere malko bakoitzak itsasoko ura gehitu
baino ez zuen egiten.

Untzi ilunean abiatu ginen, ez onbidean,
ni ez naiz beti izan legezkoa,
kontrabandoan ihardun ginen, gero Berberiako mairuei
saldu nien gure untzi iluna.
Behin portuges batek sagar bat erakutsi zidan eta
sagarraren gerria labanaz markatuz esan zidan:
‘Karta sekretuak daude, mundua sagar honen antzekoa da,
hemendik joanez gero
abialekura itzuliko gara’, eta beste untzi ilun batetan
abiatu ginen sartalderuntz.

Lur ezezagunak kausitu genituen, Bresill, andere
biluzien lurraldea,
eta hegoaldeko itsasoen xerka joan ginen, ez naiz saindua,
ez legezalea,
eta Fernão de Magalhães akabatzen entseatu ginenean
nik lonbarderoak prestatu nituen.
Ez dago herren onik, eta herren portuges madarikatu hark
bentzutu ginduen,
eta han arroka bakardade hotz haretan (hilargia
suak hartua zetzan uretan oso barruan),
gainbizitzeaz harritua, lagunen heriotzaren lekuko
isila izan nintzen.
Gero indio erraldoiak ezagutu genituen, burdinezko
eskuturrekoak oparituz gatibatu genituen,
eta gure untzi ilunaren bela-izarak zabalduz joan ginen,
egunak laburrak
eta gauak beti ere luzeagoak eta ikaragarriak zirela,
izotz nabeganteak saihestuz,
mendietatik eroritako ekaitzak jasan eta mapa sekretua
jarraituz, eta hura zen

mapa sekretuetako Kabo Desiratua, eta lehorretik
suzko mila begik
soegiten ginduzten, eta Suaren Lurraldea bataiatu genuen,
eta Keearen Lurraldea,
eta Hegoaldeko Lurraldea, eta Saindu Guzien Lurraldea
eta negar egin genuen pasakeran.
Gero kalma zurian nabegatu genuen sartalderuntz,
beste itsasorantza,
eta itsasoa zeta urdin zabala zen eguzki leinuruaren azpian
eta haizeak ez ginduen bultzatzen.

Gaztelanoek Pacifico deitzen zuten, esan nahirik baketsua
nahiz eta bakearekin egarria, gosea, gaisoa ezarri.
Baketsua ote da ba infernua! Urrezko dukat bat ordaindu dut
arratoi arre batengatik.
Zoritxarreko irla askoren albotik pasatu gara
untzi mastetako larru zatiak janez,
eta mundua zihurtasun falta bat, amilerako erorkera,
‘lehorra!’ oihukatzeko gogoa,
batzutan geure gainetik pasatzen diren hodeiak baino
ez dago lehorragorik.

Eta Irla Aberatsetara arribatu ginen, adiskidetu ginen
sultanekin,
salbaiak bataiatu genituen, kainonazoak jo genituen
eta hil zen bat, eta hil zen beste bat
Paradisu arriskutsu haretan, eta iadanik guti ginelarik
sua eman genien gure untzi gehienei,
errauts bilakatuz itsasoan hondatzen ziren
hondakin ilunei soegiteko.
Eta sartalderuntz jarraitu genuen, irla batzuetan ase ginien
eta bestetan egarriak hil,
salbaiak hil genituen, edo salbaiek hil gintuzten, eta
irlarik irla
erromes izugarriak izan ginen balizko loriaren
ketan.
Hildako lagunak kareletik botatzen genituen
uretara.
Antonio Pigafetta popan jartzen zen itsasora
jaurtiriko hilotzei begira:
kristauak zerura begira geratzen omen ziren urgainean,
indioak ur hondora begira. Italiar idiota hori!

Afrika bazterretik inguratuko orduko bagenekien
mapa sekreturik ez zela.
Eta horrela arribatu ginen portura sagarren
sasoirako.
Egunik egun izkiriaturik nabegazio liburuan Irailak
6 egun zituen:
jendea Irailaren 7an bizi zen. Esan nien: ai, lagunok,
ailegatu gara gure untzi ilunarekin.
Eta arbola makur bat naiz ni, itsasoetan barrena
bidaia egin zuena.

Sagar bat erakusten diet Getariako haurrei, orain
sagarren sasoia denean,
laban puntaz markatzen dut bere gerri humoa
bira osoan.
‘Munduak sagarraren antza du ala?’ galdetzen dute,
halakoak dira haurren galdemoduak…

[ hitzak: Joseba Sarrionandia: Hnuy illa nyha majah yahoo (Poemak 1985-1995), Elkar, 1995 ]

2008/07/04

Elkanori eta bere bidaiari buruzko erakusketa zabaldu dute Getarian


«Alde batetik, Getariak zor bat zeukan Elkanorekin eta, bestetik, turismo aldetik, jende asko etortzen zen herrira Elkanori buruzko ezer ba al zegoen galdezka. Hori guztia ikusirik, Elkanori buruzko erakusketa bat egitea erabaki dugu», azaldu zuen atzo Getariako Udaleko Kultura zinegotzi Ekaitz Balentziagak erakusketaren inaugurazioan. Gainera, Turismo bulegoko teknikariaren eskutik, bisita gidatu egiteko aukera izan zuten gonbidatuek.

Erakusketa Aldamar kulturgunean zabaldu dute eta Primus circumdedisti me izenburua jarri diote. Elkano nabigatzaileak eginiko balentria aitortzeko Espainiako Karlos I.a erregeak eman zion esferan azaltzen den testuan oinarritu dira izenburua jartzerakoan eta «lehena izan zinen munduari bira ematen» esan nahi du.



9 panel informatzaile

Instalazioan sartu eta berehala munduko mapa batekin egingo du topo bisitariak. Bertan, Fernando Magallanesek eta Joan Sebastian Elkanok elkarrein hasi eta, Magallanes hil ostean, nabigatzaile getariarrak amaituriko bidaiaren inguruko azalpenak ageri dira. Horrekin batera, bidaiaren xehetasunak eta bitxikeriak jaso dituzte bederatzi panel informatzailetan.

Erakusketan ikusgai dauden gauzen artean, Imanol Elorza margolariaren hainbat koadro jarri dituzte, baita Getariako udaletxeko batzar aretoan egon ohi den Ignacio Zuloagak egindako Elkanoren erretratoa ere. Horretaz gain, ikus daitezke Talaipe jatetxeak utzitako lema; Pedro Iribarrek egindako erakusketa batean erabilitako materiala (aingurak, kupelak, karroa eta abar); Sevillako (Espainia) Expotik ekarritako alanbrezko figurak; Zarauzko Udalak Getariakoari emandako Nao Victoria ontziaren erreprodukzioa; Donostiako Aquariumak utzitako kanoiak, arpoiak eta irudiak; eta Elkanoren lehorreratzea antzezten dutenean erabiltzen dituzten jantziak.

Bestalde, Elkanoren bidaiari buruzko ordu laurdeneko bideo informatibo bat grabatzen jardun dira joan den martxotik, eta hori ere ikusteko aukera izango da. Ikus-entzunezko horretan herritarrak aritu dira aktore lanetan.

[ testua: Aritz Mutiozabal - Urola Kostako HITZA, 2008-06-24 ]

· Erakusketa irailaren 14ra bitartean egongo da zabalik.
· asteartetik larunbatera, 10:15etik 13:30era eta 16:00etatik 19:00etara.
· astelehenetan eta igandetan, 10:15etik 13:30era irekiko dute.
· Sarrerak 3 euro balio du.
· 12 urtetik beherakoentzat eta erretiratuentzat, 1,5 euro
· Getariako Turismo bulegoa: 943 140957.
· www.getaria.net

2008/07/01

Ramos Azkarate [1880-1904] tolosarraren bertsoak, Elkanori jarriak


JUAN SEBASTIAN DE ELKANO

Getariako seme leyal bat
beñere ez dedin aztu,
Tolosa ontako gazte jendiak
nai genduke txit onratu;
¿Delkano zanak eindako lanak
zenek aik danak kantatu?
onen istoria irakurri ta
guztiok zoratu gaitu.

Juan Sebastian de Elkano,
au izan zan pilotua,
eguzkiaren azpi guzian
berdiñikan gabekua,
itxasoetan onek izan zun
biotza korajesua,
barku batian aurren aurrena
jiratu zuan mundua.

Milla bosteun da emeretzitik
oi ta bira bitartian,
sosegu gabe au ibilli zan
itxasoaren gañian,
isla berriak topatu nayan
Españiyaren onian,
bere biziya arraiskatuaz
salbajiaren artian.

Norteko izarra artian illun,
bide batzuek itxiyak,
jakinduriaz iriki zitun
arkitu ziran guziyak,
baita billatu mundu berrian
isla ondasungarriyak,
zeruko Aitak oni eman zizkan
beretzat zazpi doayak.

Goyan zerua, beyetan ura,
etsai gaiztoak nunaitik,
barkua berriz urez betetzen
ari zitzayon zulotik,
turmoi, tximistak, aize gaiztoa,
alderdi guztietatik,
bere lagunak erdiyak iltzen
zitzaizkiola sustotik.

Bizi ziranak bere onduan
guztiz ziraden bildurtu,
kontrariyuaren eskuetan
nai zutela gelditu,
Delkano zanak onelako itzik
etzun nai izan aditu,
bere balorez koitadu ayek
guziak zitun salbatu.

Izan zalako gau eta egun
Delkano animosua,
Victoria'kin onek ein ziyon
munduari jira osua,
iru urtean pasatu zitun
amalau milla legua,
pozak zoratzen sartu ziraden
Barrameda'ko portua.

Beren promesa kunplitutzera
juan ziran koitaduak,
erdiyak eta geyago zeuden
osasunatik galduak,
bestetik berriz beren gorputzak
iya larru gorrituak,
jendea berriz airi begira
ezin sekatuz malkuak.

Toki guztietan zabaldu izan zan
Juan Sebastian'en izena,
nungua ote zan mundu guzia
jiratu zuena aurrena,
ala biarrak ala gertatu
egiazko euskalduna,
erderaz ezin ikasi eta
euskara maitatzen zuna.

Karlos bosgarren Españiako
orduko enperadoreak,
merezi bezela etzizkan eman
oni bere onoreak,
pensatu gabe nolatan pasa
zituen iru urteak,
jende guztiya arritzen zuan
onek ein zun biajeak.

Mundu guziya lendabiziko
onek zubela jiratu,
izen orrekin zizkaten oni
neke guziyak pagatu,
bosteun dukat urteko agindu,
batere ezin zun kobratu,
beste biajian gizarajua
eriotzan zan gertatu.

Glori aundi bat izandu zuen
gure probintzi maiteak,
orrelako lan bat ondo eitea
emen bertako semeak,
famatzen dute mundu ontako
Jayota dauden jendeak,
nola ez gera gu oroituko
pasagatikan urteak?

[ iturria: Ramos Azkarate; Galtzaundi ta beste bertso asko (Antonio Zavalaren edizioa). Auspoa, 1962 ].
[ argazkia: www.begizta.net]

Sartaldetik iritsitako sortaldekoak

Andres Urdaneta itsasgizonaren jaiotzaren bostehungarren urteurrenean, Asiatik Europara ireki zuen bidetik heldu ziren espezien historia eta erabilerak bildu dituzte erakusketa batean


Europan XII. mendean agertu ziren, eta gaur egun ere auzo, herri eta hirietako saltokietan aurki daitezke. Erromatarrek species hitzarekin izendatzen zituzten ezaugarri bereziko produktuak, baina Erdi Aroan, Europara iritsi zirenak hain apartekoak ez ziren horietatik bereizteko (tartean, garia sartzen zuten erromatarrek), usaindunak osagarria gehitu zieten. Garaiko kroniken arabera, Juan Sebastian Elkano (1486-1526) itsas kapitain getariarrak munduari bira eman zionean (1519-1522) iltze-belar karga bat ekarri zuen, eta 25.000 dukat ordaindu zizkioten. Produktu garestia zen, eta Espainiako eta Portugalgo agintariek berehala ikusi zuten beste lur batzuk ustiatzeko eta aberasteko aukera; urrea bezain beste balio zuten, oso estimatua baitzen elikagaiak gorde, usain eta zapore txarrak kendu eta osasuna zaintzeko.

Ezohiko usain horrek hartu du Ordiziako (Gipuzkoa) D'Elikatuz interpretazio zentroa. Andres Urdaneta itsas kapitain ordiziarrak (1508-1568) ireki zuen espezien bide komertziala Mexikotik Filipinetara eta Moluka uharteetara (Indonesia), eta haren jaiotzaren urteurrena ospatzeko, mendebaldetik ekarri zituen espezia erakusketa antolatu dute. Mendebaldeko espeziak dira, hain zuzen ere, Ozeano Barea nola zeharkatu asmatu zuelako Urdanetak. Diru iturri ziren espeziak, baina ez Elkanok egin zuen bezala, hiru urteko bidaia baten bidez merkaturatzeko. Espainiarrentzat etekina handiago zen Asiatik Amerikara nola itzuli asmatu (joatea ez zen arazo) eta espeziak Mexikotik Espainiara eramaten baziren. Itzulerako bide hori aurkitu zuen Urdanetak. XIX. mendera arte bide hori izan zen Asia, Amerika eta Europa arteko bide komertzial eta kultural garrantzitsuena, norabide bakarrean. Frantziak Moluka uharteetatik haziak ostu eta monopolioa hautsi zuenean amaitu zen negozioa bidearen jabe zirenentzat, eta orduantxe utzi zioten espezieak hain preziatu izateari.

Antzinako gatazka odoltsuak atzean, sukaldeko beste produktu bat dira gaur egun espeziak, eta, Euskal Herriko gastronomian, perrexila alde batera utzita, ez oso erabiliak gainera; ez behintzat AEB, Frantzia, Japonia eta Alemaniarekin alderatuta, herrialde horietan erabiltzen baitira gehien espeziak. Ordiziako erakusketan espezia horiek guztiek osasunarentzat eta gastronomiarentzat dituzten erabilerak aurkeztu dituzte, baita euren historia ere, eta urte bukaera arte egongo da zabalik. Ordura arte izango da 28 espezia ikusi eta usaintzeko aukera.

***
Espeziak
ZENBAIT ERABILERA
· Piperbeltza. Gaztari piperbeltz hautsa bota, olio txorrotara batekin busti eta etxeko ogi txigortu gainean zerbitzatu.
· Iltze-belarra. Haragia edo arroza prestatzeko saldetan tipula bat egosi, barruan iltze-belar bat duelarik.
· Intxaur muskatua. Gazta tortilla goxo askoa egin daiteke arrautzei intxaur muskatu apur bat, esne koilarakada bat eta gazta xehatua gehituz.
· Kanela. Gozoa denez, azukre askoko postreetan azukrea gutxitzeko erabil daiteke.
· Piperrautsa. Tomate saltsari edo arrain zopari koilarakada bat bota.
· Pipermina. Pistoari bota, eta zaporea indartuko dio.
· Erramua. Burruntzia gozatzeko, hosto txikituak gehitu.
· Ezkaia. Barazkiei bota, zaporea indartzeko.

[ testua eta argazkia: Jon Ordoñez, BERRIA, 2008-07-01 ]